Abuztuaren 19an bete zituen 150 urte Elizondoko Círculo de la Unión Kasinoak eta hiru hilabete beranduago, azaroaren 19an, zaharberritze lanen inaugurazioa egin zuten gaur egungo bazkideek. 1861eko abuztuaren 19a egun handia izan zen Elizondon, Círculo La Unión kasinoaren lehen egoitza ireki baitzen. 40 bazkidek sortu zuten elkartea, bakoitzak ehuna erreal kuarto ordainduta eta bertze merituzko lau bazkide ere baziren, tartean Francisco Dolagaray alkatea, sarrerako 100 erreal bakarrik ordaindu behar izan zutena.
1880an gaur egungo eraikina
Ordukoak eraikin ttiki bat izan behar zuen, eta Karlistaden inguruan itxi eta irekiz ibili zen, baina 21 urte beranduago, 1882ko maiatzaren 7an inauguratu zuten gaur egungo eraikina. Orduan 52 bazkide sortzaile izan zituen eta bertze 12 arruntak (sortzaileak izatera pasatuko zirenak, 300 erreal ordainduz gero) eta 26 merituzkoak. Lau urte beranduago, 1880an pianoa erosi zuen Kasinoak, geroztik izan dituen kultur adierazpenen erakusle. 1890ean, Elizondo guzian bezala, edateko ur eta argindar zerbitzuak sartu ziren (Nafarroa osoan bigarren herria izan zen Elizondo). Elizondoko Kasinotik diru ekarpenak egin ziren Foruen Monumentoa edo Hilarion Eslavarena egiteko Iruñean edo Elizondoko kioskoa egiteko. 1905ean barometroa, termometroa eta pareteko erlojua erosti ziren eta 1914an liburutegia sortu zen. Munduko informazioaren berri zehatza izateko, kablegrama zerbitzura harpidetu zen. Bide horretatik, Kasinoko bazkideek zorionak eman zizkioten Isaac Peal-i urpekuntzia asmatzeagatik eta Nafarroan lehenbizikoetatik izan omen ziren Titanic-en urperatzearen berri izaten, 1912ko apirilaren 14ean. 1931ean, Bigarren Errepublikaren aldarrikatze bestaren lekukoa izan zen Kasinoa, eta geroztik hainbat ezkontza eta jaunartzeko otorduak hartu du bere baitan, baita kontzertu, solasaldi eta bertzelako kultur eta gizarte ekitaldiak ere. Geroztik mende eta erdi pasatu da, baina garai batean galdutako dizdira berreskuratu du Kasinoak, gaur egun duen egoitza eraberrituta. Azaroaren 19an egin zen ekitaldia, gaur egun dituen 115 bazkide arruntak eta 5 ohorezkoen partehartzearekin. Bi urte pasatu dira lanak hasi zirenetik eta zinta moztu zuten Federico Valenciak eta Agustin Sansiñenak, gaur egungo bazkide zaharrenak eta gazteenak. Gero, Javier Azpiroz apezak bedeinkazioa eman zion instalazio berrituei. Gaur egungo zuzendaritza batzordean Txuma Uriz da presidente eta Pello Alaña presidenteorde; Javier Alzuguren diruzaina, Jesus Miguel Egurrola idazkaria eta Luis Maria Ruiz, Juan Jose Arrizibita, Pedro Maria Landa, Esteban Ustariz, Gabriel Laborra eta Eduardo Zubikoa bokalak. Guziek, bere esker ona adierazi nahi izan zieten Sobrino Petite ahizpei eta Mari Asuncion Jaurenari, Miguel Gil Mendiren alargunari, Kasinoko administratzaile izateagatik eta lekukoa emateagatik.