Almandozko Arritxuri harrobia haunditzeko eskaerari baiezkoa eman dio Nafarroako Gobernuko Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak. Erauzketa eremua haunditzeko eta sarbide berriak egiteko baimena eskatu zuen Atxa Harrobiak enpresak eta horri eman zaio aldeko txostena. Gisa honetara, harrobia haundituta ukituko den azalera 67.995 m2koa da eta harrobiak gaur egun duen azalerari (128.858 m2) gehituta, 196.854 m2ko azalera edukiko luke guztira.
Onartutakoaren arabera, erauziko den materialaren bolumena 2.082.000 m3koa izanen da eta bolumen hori 30 urteko epean aterako da, zazpi fasetan banatuta. Fase bakoitzean harria ateratzen hasi aitzinetik, ahalik eta landare lur gehiena kenduko da eta baimendukota perimetroaren barnean pilatu beharko da. Lur hori fase bakoitza lehengoratzeko erabili beharko da. Dekantazio putzuen mantentze lanak ere aldizka egin beharko dira eta metatutako lohiak kenduko dira behar den guztietan. Horrez gain, isuritako uren kalitatearen analisia ere egin beharko da, guttienez sei aldiz urtean eta euriteen ondotik.