Uholdeen eragina ez dela hondamendi eremu izendatzeko hainakoa uste du Nafarroako Gobernuak

TTIPI TTAPA 2011ko azaroaren 23a

Alicia Del Castillo

Azaroko lehendabiziko asteburuan hainbat kalte eragin zuten euriak eta uholdeek gure inguruko herrietan. Eta azaroaren 8an, kalte horietako batzuk ikuskatzera Baztanera etorri zen Jose Luis Izco, Nafarroako Gobernuko Toki Administrazio departamentuko zuzendari nagusia, teknikari baten laguntzarekin. Kalteak ez direla hondamendi eremu izendatzeko hainakoak aipatu zuen. Baztanen kaltetutako pistak ikusten izan zen zuzendari nagusia, Garbiñe Elizegi alkatea, Mikel Ortega zinegotzia eta basozainak lagun zituela. Erratzun, Xabier Ospital alkatearekin bat egin eta Untxide auzora hurbildu ziren. Aranea errekak pista hondatu du eta bortz baserritara ailegatzea ezinezkoa da. Gorostapolon ere, hainbat kalte eragin zituen urak eta hori dela eta laguntza eskatu zuen Elizegi alkateak. Egun berean, Baztango udal ordezkariak ez ezik, Lesaka, Leitza, Goizueta eta Zugarramurdikoekin ere bildu zen Jose Luis Izco. Izan ere, 2009ko uholdeen ondorioz dirulaguntzak izanen zirela hitz eman zen Nafarroako Gobernutik, baina ez ziren udaletxetara ailegatu. Hori ez errepikatzea espero dute udal ordezkariek, baina errandakoa, Nafarroako Gobernuak ez du hondamendi eremu izendatuko eskualdea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun