Baztango UPNko udal taldeak Elizondoko Giltxaurdi kirol eremuko instalazioak berrantolatzeko eta hobetzeko proposamena egin du, agertu diren premiei eta beharrei soluzioa emateko asmoarekin. UPNren kalkuluen arabera, 40.000 mila eurorekin egiten ahal da aldaketa, obra garrantzitsurik egin beharrik gabe eta guttieneko gastuaren eta sen onaren irizpideak segituz.
UPNren proposamenaren arabera, gaur egungo kirol eremurako sarbidea kenduko litzateke, beti ere oinezkoendako sarbidea mantentzeko aukera baloratuz. Modu berean, gaur egungo aparkalekua kendu eta hor geldituko litzatekeen eremua igerilekuari gehitu eta berenduleku edo haur parke gisara erabiltzeko aprobetxatuko litzateke. Modu berean, haurrak plisti-plasta ibiltzeko putzu ttikia eraikitzea proposatzen du UPNk, baita itxidura aldatzea eta futbol zelaiaren gibeleko aldetik sarbide berria egitea, inguru hori zolaberrituz eta aparkalekua eginez eta orain ez dagoen ostatu-kabina bat eginez.
UPNren ustez, proposamen hau, kirol eremuarekin muga egiten duten bi lekurendako egokia da, bifamiliako etxebizitzendako eta futbol zelaiaren eta errekaren arteko eremuarendako. Gaur egun ez dagoen berenduleku bat sortzeaz gain, bizilagunendako mesedegarria da eta kirol eremua osatuagoa geldituko litzateke. Gisa berean, planteamendua irekia dela ere azpimarratu nahi izan du UPNk eta hobekuntza proposamen guziak ongi hartuko dituztela.