Kirikoketa bestaren hamabigarren edizioa ospatu zen urriaren 22an Arizkunen, Jo ala Jo Kultur taldeak antolatuta. Gamioxarreako dolarean gerora sagardoa bihurtuko den sagarra jo zen, baina horren inguruan hainbat ospakizun egin ziren. Astotxo batek tiratutako organ Larrainkarrike bitarte ekarritako sagarra jo eta estutu ondotik, zukua dastatzeko aukera izan zen, muztio hori kupeleratu aitzin. Kirikoketa doinuak ere orduan aditu ziren eta Nafarroako sagardoak dastatu eta taloak eta gaztainak jateko aukera izan zen. Karriketan ere ez zen animaziorik falta izan.