2010eko kontuen laburpena egin du Udal Gobernuak eta horren arabera, Udalak ia 9 milioi euro zor zizkien bankuei 2010ean, 174.635 euro ordaindu zizkien interesetan eta kredituak amortizatzeko 564.626 euro ordaindu zitzaizkien. Funtzionamendu gastuetan 5,4 milio euro joan ziren eta inbertsioetan 3,7 milioi euro. Herritar bakoitzeko zorra 1.111 eurokoa zen 2010 hondarrean.
Gobernu organoko gastuetan 194.912 euro joan ziren (soldatak, dietak...) eta administrazio orokorrean 1,2 milioi euro. Bertze gastu aipagarrienak hauek dira: udaltzaingoan 159.979 euro (soldata, asegurua, arropa...); pentsio eta bertze prestazioetan 705.144 euro (Montepío eta Construcciones Torrecilla Gizarte Segurantza), haur eskoletan 288.290 euro; hirigintza eta arkitekturan 2,1 milioi euro; argiteria publikoan 298.792 euro; saneamendu, hornidura eta ur banaketan 184.889 euro; zabor bilketa eta tratamenduan 546.388 euro; kulturan 165.197 euro; kiroletan 432.182 euro eta herri-ondasunen aprobetxamenduan 711.389 euro.
Diru sarrerei dagokienean, zuzeneko zergetan (kontribuzioak, zirkulazio-zergak...) 2,1 milioi euro jaso ziren 2010ean eta zeharkako zergekin(eraikuntza, instalazio eta lanen gaineko zerga...) 305.654 euro. Tasa eta bertze sarrerekin (eskola kuota, zabor bilketak, argindar eta telefonia konpainien aprobetxamenduak, establezimenduak irekitzeko lizentzia...), 824.750 euro jaso ziren.
Transferentzia arruntetan (subentzioak, Montepio, transferentzia arrunten funts orokorraren zatia, Kintoko sarrera...) ia 3 milioi euro bildu ziren eta administrazio orokorraren transferentziekin (dirulaguntzak obrak egiteko...) 2,5 milioi euro. Ondare eta herri-ondasunen bidez 327.816 euro bildu zituen Udalak. Adostutako mailegua milioi batekoa zen eta Erregerenatik 185.361 euro hartu ziren, nahiz eta hau itzuli egin beharko den.