Udal gaien inguruan boletinak kaleratu dituzte Udal Gobernuak eta UPNk

TTIPI TTAPA 2011ko azaroaren 9a

Etxez etxe banatu dituzte

Udaleko hainbat gairen inguruan informazio boletinak kaleratu berri dituzte Udal Gobernuak (Bildu eta Ezkerra) eta UPNk eta etxez etxe banatzeari ekin diote.

«Kudeaketa gardentasun osoz erakustea» da Udal Gobernuaren helburua eta argitaratu berri duen urri­ko alean, 2010eko kontuen laburpena egin dute, gastuak eta sarrerak xehetasunez azalduz. Horrez gain­, Elizondoko plazako mobiliarioaz ere ari da, baita «aurreko Udal Gobernua Erregerena Mankomunitatearen diruarekin egindakoaz» ere.

Udal idazkariaren ordezkapen posturako oposizio-lehiaketa geldiaraztearen arra­zoiak­ ere aipatu dituzte. Udal arkitekto berria Cristina Arregi dela ere azaldu du Udal Gobernuak, eta udaletik kanpoko aitzineko aholkularitza taldeak kostu haundia eragiten zuela-eta, zerbitzua aldatu dela ere jakinarazi du. Iruñeko Biderka aholkularitza taldearekin urte bateko kontratua egin du Udalak.

Aroztegiako proiektuaren inguruan, berriz, txosten tekniko juridikoa eskatua dela ageri da boletinean, eta horren be­rri herritarrei emanen zaiela baieztatu du Udal Gobernuak. Saihesbideari buruz eta Oharrizko harrobiarekin gertatu denaz ere mintzo dira Bildu eta Ezkerra.

Bilduk, bere aldetik, be­rripaper elektronikoa ere egin du eta hilabetero atera nahi du, nahiz eta, maiztasunean gorabeherak egon daitezkeela adierazi duten. Hainbat gai lantzen ditu: Kintoko desafekzioaren gaia, aitzineko udal taldearen dietak, Oharrizko harrobiarekin gertatu dena, Giltxaurdi Udal Kirol instalazioen harira azpiegitura publikoek kudeaketa publikoa izan dezaten egin duen apustua, Udal batzorde irekiak lanean ari direla, eta Elizondoko Datue aldeko proiektu urba­nisti­koaz ere mintzo da.

 

UPN-ren boletina

UPNk, berriz, boletina argitaratuz, «Udalean gerta­tzen denaren berri unean unean» eman nahi du eta horre­kin batera, herritarrak parte hartzera ere gonbidatu ditu.

Alde batetik, Bildu eta Ezkerraren Udal Gobernuaren «100 eguneko kronika» egin du boletinean eta horren barne, Bildu eta Ezkerrari «jarrera antidemokratikoa» izatea leporatu die, eta «bere helburuetara egokitzen ez den erabakia desegitea» ere ego­tzi die, «kostuak eta ondorioak baloratu gabe».

Bertzelako gaien ingu­ruan, Aroztegiako proiektua eta Arraioztik Elbetera doan saihesbidearena aipatu dituzte. Aroztegiako egitasmoari buruz, adibidez, «onura ekonomiko, laneko eta turis­tikoak­ edukiko lituzkeen proiek­tuaren garapena oztopa­tzea» leporatu die UPNk.

Magnesitasi buruz ere ari dira UPNkoak boletinean, baita udal ordezkarien ordainsariez ere. Mozioa aurkeztu omen du oraingo udal or­dezkariek ere ez dezaten 300 euro baino gehiagoko ordainsaria hartu.

Azkenik mutildan­tzen gaia ere atera du UPNk boletinean.

Xehetasun gehiago etxez etxe banatu duten boletinean hartuko dute baztanda­rrek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun