Iñaki Azurmendik irabazi du Euskal Herriko aizkolari txapelketa nagusia

TTIPI TTAPA 2011ko aza. 7a, 11:47

Iñaki Azurmendi lanean. Sei segundurengatik lortu zuen txapela janztea. Koldo Alduntzin

Sei segunduko aldea bakarrik atera zion igande eguerdian Elizondon Floren Nazabal azpitxapeldunari

Iñaki Azurmendik eskuratu zuen azaroaren 6an Elizondon Euskal Herriko Lehen Mailako txapela. 6 segunduko aldea bertzerik ez zion atera Floren Nazabali. Lehen aldiz lortu zuen garaipena aizkolari gipuzkoarrak. Eguraldi txarra egin arren, leporaino bete zen Baztan pilotalekua.

Iñaki Azurmendik eskuratu zuen azaroaren 6an Elizondon Euskal Herriko Lehen Mailako txapela. 6 segunduko aldea bertzerik ez zion atera Floren Nazabali. Lehen aldiz lortu zuen garaipena aizkolari gipuzkoarrak. Eguraldi txarra egin arren, leporaino bete zen Baztan pilotalekua.

Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko, lau 60 ontzako eta lau oinbiko moztu behar izan zituen. Ekitaldia hasi aurretik minutu bateko isilunea egin zuten, herenegun ama hil baitzitzaion Joxemari Olasagastiri. Hala ere, Igeldoko txapelduna lanean aritu zen, baina ez zuen garaipena lortzerik izan.

Finala ederra izan zen, akitu bitarte ez zen emoziorik falta izan, eta azkeneko kolpera bitarte ere ez zen erabaki. Azkenean, Azurmendik jantzi zuen txapela, nahiz eta Nazabal gainean izan zuen. Hasierako enborretan, ordea, Lopez jarri zen aitzinetik, eta Lezaungoak postu horri eutsi egin zion bosgarren enborrera bitarte. Lehen oinbikoaren bukaeran lehenengoa izaten segitzen zuen, baina lan erdietan Nazabal zen lehenengo, Azurmendi ondoan zuela. Lopez, hirugarren jarri zen. Hortik aurrera lehen bi postuak ez ziren aldatu. Azurmendi gehienetan lehenengo izan zen, eta Nazabal ondoan. Azkeneko enborrean ere horrela sartu ziren, eta bi aizkolariak parean iritsi ziren bukaerara, baina gipuzkoarrak sei segundo lehenago amaitu zituen lanak, eta beretzat izan zen txapela.

Gibeletik, Lopezek hirugarren amaitu zuen podiuma osatuz. Olasagasti, berriz, azkar jarri zen laugarren postuan, eta hortxe bukatu zuen. Egun berezia bezain zaila zen Igeldokoarentzat. Aipatu bezala, herenegun ama hil zitzaion, eta garaipena hari eskaintzeko asmotan aritu arren, ezin izan zuen helburua bete. Atutxak sekulako jarraitzaile pila ekarri zituen Elizondora, kamixeta eta guzi, eta hagitz ongi hasi zen, baina bosgarren postuan bukatu zuen. Hurrengo Urrezko Kopan aritzeko txartela lortu zuen, eta Luix Txapartegi ere hasieratik jarri zen azkeneko postuan, eta Aizarnakoak ez zuen hortik ihes egiterik lortu.

 

2011ko AZKEN SAILKAPENA, Elizondo (Nafarroa Garaia), azaroak 6:

1. Iñaki Azurmendi (Arriaran, Beasain, Gipuzkoa; 39 urte): 46:50

2. Floren Nazabal (Etxarri-Aranatz, Nafarroa Garaia; 42 urte): 46:56

3. Juan Jose Lopez (Lezaun, Nafarroa Garaia; 42 urte): 48:41

4. Joxemari Olasagasti (Igeldo, Donostia, Gipuzkoa; 52 urte): 49:52

5. Aitzol Atutxa (Dima, Bizkaia; 23 urte): 53:49

6. Luis Txapartegi (Aizarna, Zestoa, Gipuzkoa; 41 urte): 58:38

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun