Euskal Herriko Maila Nagusiko Aizkora Txapelketako finala jokatuko da Elizondon azaroaren 6an, igande eguerdiko 12:30etik aitzinera. Floren Nazabal (Etxarri Aranatz, Nafarroa; 42 urte), Juan Jose Lopez (Lezaun, Nafarroa; 42 urte); Iñaki Azurmendi (Arriaran, Gipuzkoa; 39 urte), Joxemari Olasagasti (Igeldo, Gipuzkoa; 52 urte), Aitzol Atutxa (Dima, Bizkaia; 23 urte) eta Luis Txapartegi (Zestoa, Gipuzkoa; 41 urte) ariko dira.
Aizkolari bakoitzak 12 pago-enbor moztu beharko ditu: lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta lau oinbiko.
Floren Nazabal osatua
Floren Nazabal zalantza izan da azken ordura arte. Nafarroako txapelketako kanporaketaren bezpera istripua izan zuen etxean eta ezin izan zuen kanporaketa hartan parte hartu. Beraz, ez da Nafarroako txapelketa nagusiaren finalean izanen, baina Euskal Herrikorako osatu dela baieztatu du. Berak egin zuen denborarik onena kanporaketan eta ongi sendatu bada, bera izanen da faborito. Dena den, joan den urtean Joxemari Olasagastik irabazi zuen Euskal Herriko txapela seigarren aldiz. Minutu eta 35 segunduko aldea atera zion azken hiru urteetako txapelak irabaziak zituen Nazabali.
Bertze aldetik, Aitzol Atutxa lehen aldiz ariko da finalean. 23 urterekin, sekulan txapelketa nagusiaren finalean izan den aizkolaririk gazteena izanen da eta lehen bizkaitarra gainera.