Hiri hondakinen inguruan solasaldia antolatu du Aroztegia eta gero zer? plataformak Sustrai erakuntza eta 3R-en kolektiboko jendeekin (colectivo 3 Rs, reducir, reciclar, reutilizar). Azaroaren 3an, ortzegun arratseko 20:00etan izanen da solasaldia Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean.
Nafarroan onartu berri den hiri-hondakinen planaren inguruan ariko dira; zaborren gaia ere era orokorrean aztertuko da, egon daitezkeen alternatiba desberdinak aurkeztu bidenabar. Halaber, solasaldiak Sustrai erakuntza aurkezteko balioko du. Fundazio hau lurraldearen eta inguruaren defentsan aritzen da aholkularitza teknikoa eta juridikoa eskainiz. Bertzeak bertze, AHTaren aurkako alderdi juridikoa eramaten ari da Nafarroan, Sakanako mankomunitateak Nafarroako hiri-hondakinen planari aurkeztu dizkion helegiteak fundazio honek kudeatu ditu eta Aroztegia eta gero zer? taldeari ere aholkularitza eskaini izan dio.
Solasaldia azaroaren 3an izanen da 20:00etan Arizkunenea Kultur Etxean.