Haur zein helduendako hainbat ikastaro paratu ditu martxan Udalak udazken honetarako. Gisa aunitzetako ikastaroak dira eta Udalak jakinarazi duenez, Baztango edozein herritan eskatutako ikasle kopurua beteko balitz, ez litzateke arazorik izanen ikastaroa Elizondo ez den herriren batean egiteko.
Pailazoaren esentziaren bila
Pailazoaren esentziaren bila izenburupean helduentzako ikastaroa eginen da azaroaren 26an eta 27an, Laura Lopez irakasle dela. Ikastaroaren iraupena hamabi ordukoa izanen da. Guttienez zortzi eta gehienez hamabi ikasle onartuko dira eta Baztanen erroldatuak direnek 42 euro eta ez daudenek 63 euro ordaindu beharko dituzte. 10:00etatik 13:00etara eta 16:30etik 10:30era izanen da.
Marrazkiekin jostetan
5-8 eta 9-14 urte bitarteko neska-mutikoendako Marrazkiekin jostetan ikastaroa hasi du Begoña Durrutyk aste honetan eta abenduaren 14ra bitarteko asteazkenetan bilduko dira, 16:30etik 17:30era talde bat eta 17:30etik 18:30era bertzea. Erroldatutakoek 15 euro eta ez daudenek 20 euro ordaindu beharko dituzte.
Scrapbooking
Helena Xurio arduratuko da Scrapbooking ikastaroak emateaz. Datak oraindik zehaztuak ez badaude ere, ikastaroetako bat larunbat batean emanen da 09:30etik 14:30era eta 15:00etatik 18:30era eta bertzea hiru egunez, 10:00etatik 12:30era astelehen, asteazken eta ortziral batez. Baztanen erroldatuek 40 euro ordaindu beharko dituzte eta ez daudenek 60 euro. Materiala prezioaren barne dago. Talde bakoitzeko guttienez zortzi ikasle eta gehienez hamabi hartuko dira.
Materialekin jolasean, konplementoak sortu
Izenburu hori duten bi ikastaro eskainiko ditu Amaia Zinkunegik ortzegun honetatik, urriak 27, aitzinera, ortzegunero. Zortzi saiotan 16 ordu eskainiko dira eta talde bat 10:00etatik 12:00etara eta bertzea 17:00etatik 19:00etara ariko da. Guttienez hamar ikasle eta gehienez hamabortz hartuko dira eta Baztanen erroldatuentzat prezioa 34 eurokoa izanen da eta erroldatuak ez daudenenetzat 40koa.
Ordenagailuz musika tailerra
Ordenagailuz egindako musika tailerra (Ableton Alive) ere antolatu du Udalak, Aitor R. Larrinaga irakasle dela. Azaroaren 5etik abenduaren 2ra bitarte hiru orduko hamabortz saio eginen dira, larunbatetan, 10:30etik 13:30era. Guttienez hamar ikasle eta gehienez hamabortz ikasle hartuko dira eta erroldatuek 45 euro eta erroldatu gabekoek 68 euro ordaindu beharko dituzte.
Posta elektronikoa eta internet
Internet gero eta toki gehiago hartzen ari den honetan, hasi berriendako posta elektronikoa erabiltzen eta Interneten nabigatzen ikasteko aukera ere izanen da, Eskiz-ekin. Guttienez zazpi eta gehienez bederatzi ikasle onartuko dira eta azaroaren 20tik abenduaren 2ra astelehen eta ostiraletan bi orduko hamar saio eginen dira (10:00-12:00). Erroldatuendako prezioa 58 eurokoa da eta ez daudenendako 88 eurokoa.
Argazkigintza digitala
Hasi berriendako argazkigintza digitalari buruzko ikastaroa ere paratuko da martxan, Estibaliz Alvarezekin. Guttienez hamar eta gehienez hamabortz ikasle onartuko dira eta azaroan eskainiko da. Azaroaren 12an 10:30etik 14:30era eta 16:30etik 20:30era izanen da eta azaroaren 13an 10:30etik 13:30era. 30 euro ordaindu beharko dituzte erroldatuek eta 45 euro gainerakoek.
Izen-ematea zabalik dago eta informazio gehiago nahi izatera Arizkunenea Kultur Etxerat deitu behar da: 948 581229.