Aurten ere Euskal Tonbola paratu du Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak eskualdeko hainbat ostatutan, eta paratu orduko, sari potolonoetako bat banatu da. Izan ere, furgoneta ekipatua Elizondoko Intza ostatuan erositako txartel batean tokatu da, eta Maika Miñana izan da sariduna.
Urte batzuk badira Kontseiluak Euskal Tonbola martxan paratu zuenetik, eta urtetik urtera gero eta sorpresa gehiago eskaintzen ditu. Martxotik uda bitarte Gipuzkoako eta Bizkaiko ostatuetan egoten da eta irailetik abendura Araba, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko ostatuetan. Euro baten truke erosten ahal dira txartelak eta bi motatako sariak zozketatzen dira: alde batetik, sari seguruak daude, ostatu guztietan izaten direnak. Horien artean aurten aipagarrienak hauek dira: sukaldeko robota, robot xurgagailua, DVD eramangarria, mp4a, gps-a, argazki kamara eta gosari tresnak...
Horietaz aparte, sari bereziak izaten dira, ostatu guztietan egoten ez direnak, eta lau ostatutik batean sari berezi bat sartzen da: furgoneta ekipatuak, auto hibridoak, moto elektrikoak, afariak, abionetan hegaldiak, telebistak, ardo sortak, Karibera bidaiak... Horien artetik erakargarriena da, beharbada, Elizondoko Intza ostatuan tokatutako furgoneta. Baina halere, sari aunitz daude oraindik banatu gabe.