Udal ordezkarien dietak eztabaidatzeko, irailean Udalak egin zuen ez ohiko batzarrak zer errana ematen segitzen du.
Udal Gobernuak (Bildu eta Ezkerra) bere garaian jakinarazi zuenez, 2008 eta 2010 artean hautetsien asignazioetan «irregulartasunak» izan ziren eta horiek zuzentzeko erabakia hartu zuen irailaren 20ko bilkuran Udalak, Bilduren, Ezkerraren eta NaBai 2011ren botoekin. Horren ondotik, NaBai irailaren 20ko akta onartzearen kontra azaldu zen, asignazioen gaia aktan nola jaso zen ez zelako ados gelditu. Eta horri honela erantzun dio Udal Gobernuak: «irailaren 20an ez ohiko bilkura egin zen, eta Bildu, Ezkerra eta NaBairen aldeko bozkekin proposamena onartzea erabaki zen, egun horretan egindako ez ohiko osoko bilkuraren aktan eta grabaketan ageri den moduan. NaBaiko zinegotziak ez zuela proposamenaren alde bozkatu dio eta hori gezurra da».
Udal Gobernuaren arabera, «NaBaiko zinegotziak proposamenaren alde bozkatu ondotik, urriaren 3ko bilkuran, dieten bilkuraren akta onartu behar zelarik, alde batetik hanka sartu zuela erran zuen, eta bertzetik, hori zuzentzeko, bilkuran ez zuela alde bozkatu erran zuen, eta ez zuela akta onartzen».
Dieten ez ohiko osoko bilkuraren inguruan, NaBaiko zinegotziari sententziaren informazioa eman zitzaiola dio Udal Gobernuak, «aztertu eta bere iritzia finkatzeko asti askirekin. Orain dio ez zuela informaziorik izan». Eta horren harira, hautetsi batek «gezurrak erratea aski larria dela» iritzi dio Udal Gobernuak: «bere lan politikoa guztiz ezbaian paratzen du, bere gaitasun falta nabarmen utzi bidenabar».
NaBai-ren erantzuna
Udal Gobernuaren adierazpenen aitzinean, NaBai 2011k «biziki deitoratzen» duela erranez erantzun du.
NaBairen erranetan, «tamalez ez da lehen aldia Bilduk eta Ezkerrak Gobernu Batzorde Udal organoaren izena Korporazioko zinegotzi baten aurka egiteko erabiltzen dutena. Gobernu Batzordea edozein udal taldek parte har dezakeen organoa izanik, eta bertan NaBai 2011 parte izanik, ezin da inolaz ere onartu organo hau Udaleko gobernua osatzen duten taldeekin nahastea». Hori hala egiteak «argi erakusten du Udal antolaketaren ezezagutza edo, bertzenaz, eta larriago, agintekeriazko jokamoldea».
NaBaik «izugarri larritzat» jo du «Udalaren izenean Korporazioko zinegotzi baten kontra irainak plazaratzea. Errandakoak gertaeren isla fidela ez izateaz gain, Pello Iriarte zinegotziaren izen ona eta gaitasuna zikindu nahi da maltzurki». Kasuari dagozkion neurriak hartzeko eskubidea badutela ere gaineratu dute.
Iriartek zinegotzien dietei buruzko bilkurako akta ez onartzearen inguruan, zera argitu nahi du NaBaik: «alde ez agertzeak ez du erran nahi kontra bozkatzea, bada abstenitzeko aukera ere, kasu honetan izan dena». Bertzetik, unanimitatea guztien adostasuna dela gogoraratu du: «Osoko Bilkurako bozketatik alde egin duten zinegotzien bozka, legez, abstentziotzat jotzen da. Honi gehitu behar zaio NaBai2011ko zinegotziaren abstentzioa. Akordioak zazpi boto alde eta sei abstentzio izan zituen, hots, botoen %54 alde izan zen; ez %100».
NaBairen ustez, «eraso zital honekin Bilduk eta Ezkerrak estali egin nahi dituzte afera eztabaidatzerakoan izandako informazio falta eta prozedurazko hutsegite larriak; eta polemika faltsu baten gibelean ezkutatu nahi dute Baztango garapena sustatzeko proposamen gabezi absolutua».
Udal gobernuaren erantzuna
NaBairen azken oharrari bertze batekin erantzun dio Udal Gobernuak. Batetik, Iriartek proposamenaren alde bozkatu zuela azpimarratu du berriz: «ez zen abstenitu», eta osoko bilkurako akta eta bilkuran zegoen Diario de Navarrako kazetariaren biharamuneko berria horren lekuko direla oroitarazi dute. Horren aitzinean, «gezurretan jarraituz gero, neurri politiko eta juridikoak hartzera behartuak egonen garela» ohartarazi du Udal Gobernuak.
Bertzetik, Baztango garapenaren inguruan proposamenik ez egitea egotzi ondotik, «Baztan erreka zokorat eraman duen NaBairen aldetik horrelakoak aditzea irrigarria dela» iritzi diote. «Udalaren kontuak kinkan utzi ondotik, eta hainbat obra burugabetan sosa purrustan gastatu eta gero, –plazako eraikinean 800.000 euro baino gehiago, adibidez–, guztiz onartezina da kritika hau.
Oharrak Udal Gobernuaren izenean eginak direla ere argitu dute eta NaBaik gobernu honetan parte hartzeko gonbidapena ukatu zuela azaldu. «Bertze gauza da Tokiko Gobernu Batzordea. Hemen Udal Gobernuaren erabakiz, talde guztiak parte hartzera gonbidatu ziren eta NaBaiko zinegotzia kide da. Halere, NaBairi jakinarazten diogu edozein kasutan ateak zabalik daudela bai sartzeko eta bai ateratzeko ere».
UDAL GOBERNUA
«Pello Iriartek proposamenaren alde bozkatu zuen eta horren lekuko dira akta eta bilkuran zegoen Diario de Navarrako kazetariaren berria».
NABAI 2011
«Eraso zital honekin Bilduk eta Ezkerrak estali egin nahi dituzte afera eztabaidatzerakoan izandako informazio falta eta hutsegite larriak».