Azken bizpahiru urteetan inoiz baino itxura hobea hartu du Elizondoko Udazkeneko Feriak, azienda kopuruari dagokionez. Gan den urtean, Altsasun feriarik ez zela egin baliatuz, Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza poltsan gelditutakoa aprobetxatu eta Burgete eta Jaka arrazako behor eta zaldiak eraman ziren plazara, baina baita behiak, euskal zerriak, astoak, ardiak eta bertze zenbait azienda ere ikusi ziren Merkatuko Plazan. Aurten ere azienda aunitz espero dituztela aipatu digu Xabi Torres Elizondoko alkateak, «ahal bezainbertze eta ahal haina klasetako azienda ekartzeko asmoa dugu, Baztangoa».
Garraioa ordaintzen zaie abeltzainei, aziendak plazara eramateko egiten duten esfortzua saritzeko nolabait. Dena den, lehengo moduan aziendak plazaraino oinez eramatea ere bultzatzen ari dira, kamioietan eraman ordez.
Feria girotzeko egitarau zabala prestatu dute urriaren 28 eta 29rako. Ortzilerian Laxoa Plazan makineria erakusketa ere eginen da. Maialen Lujanbio eta Xebastian Lizaso ariko dira bertsotan eguerditik aitzinera. Gan den urtean, obren ondorioz, postu batzuk Jaime Urrutiatik eta plazatik urrundu behar izan ziren, baina aurten, lanak akituta, berriz ere inguru hori dena beteko dute.
Arratsaldean erremonte jaialdi handia
Ortziral arratsaldeko 17:30etik aitzinera erremonte jaialdia jokatuko da Elizondoko udal pilotalekuan, Remonte Euskal Jai Berri Fundazioak antolatuta, Elizondoko Herriaren laguntzaz. Lehenbiziko partida 35 tantutara jokatuko dute Josetxo eta Olazarrek, Urrutia II eta Saldiasen kontra. Partida nagusian, berriz, Urriza eta Lizaso, Urtasun eta Urrutia I.aren jontra ariko dira. Osagai hauekin ikuskizuna segurtatua dago. Sarreren prezioa 10 eurokoa da eta 18 urtez beheitikoak doan sartuko dira.
Bai ortziralean, baita larunbatean ere, egun osoan merkatua izanen da Elizondoko karriketan barna.
Hain zuzen, postuen salmenta izaten da Elizondoko herriaren urteko diru-sarrera garrantzitsuenetako bat. Metro lineala 18 euro terdian saltzen da eta gan den urtean «berrehun postu baino gehiago izanen ziren» aipatu digu alkateak, baina garrantzitsuena, «Baztango abeltzainek gero eta gehiago lantzen duten kategoriako aziendak erakustea da».