Nafarroako Gobernuko Sustapen Departamentuak eta Baztango Udalak Elizondoko saihesbiderako materiala ateratzeko Lekarozko Irurita-Oharriz inguruko lur sail baten desjabetze hitzarmena sinatu zuten urriaren 17an. Sail honek, lehendik espropiatua zegoen bertze bat osatzen du.
Espropiazio honen inguruan, Baztango NaBaik aipatu du “Bilduk eta Baztango Ezkerrak porrotak garaipenak bezala saltzen dituela” eta lehengo korporazioak lur horien truke lortu zituen kontrapartidak non gelditu diren galdetu du. Hain zuzen, NaBairen ustez, “Bildu, Baztango Ezkerra eta herrietako zenbait alkateren extremismoaren ondorioz” galdu dira kontrapartida horiek.
Salaketa horiei erantzunez, Baztango udal gobernuak aipatu du “NaBairen eskumen eza nabarmena, udala egoera kaotiko batean utzi duen aitzineko urteetako bailararen kudeaketaren autokritika egiteko erabateko ezintasuna berriz ere albistea da Elizondoko saihesbideari buruzko prentsa oharrean”.
Berriz ere NaBai berandu ailegatu dela eta ez dela enteratzen dio udalak eta “oharrean aipatzen duten ebazpena, non aitzineko alkate andereak Oharrizko lur komunal baten ustiaketa baimendu zuen, Baztango batzar nagusiaren erabakitzeko ahalmenaren usurpazio nabarmena” izan zela dio. Orain ebazpen horren inguruko kontrapartidak aipatzen direnean, “NaBairen oharraz aparte inon ez da akordio horren berririk eta kontseilari berriak ere ez du aitortzen. Aldiz, aitzineko udalaren jarduerak bai baimendu zuela enpresak materiala doan atratzea” dio gobernu taldeak.
Orain artekoan Oharrizko harrobiarengatik sos bakar bat ere ez dela sartu udalean dio oharrak, eta “urriaren 17an sinatu zen erabakian, alde batetik eskumena duen organoaren onarpena du, hau da, Batzar Nagusiarena eta gainera Udalak nahitaezko desjabetzarengatik tasatutako prezioa kobratzeko aukera emanen du, eta hontakoan bai, idatzita dago”.