Dieten aferaren harira NaBairen azken oharrari bertze batekin erantzun dio Baztango Udal Gobernuak. Batetik, Pello Iriarte NaBaiko zinegotziak proposamenaren alde bozkatu zuela azpimarratu du berriz: «ez zen abstenitu», eta osoko bilkurako akta eta bilkuran zegoen Diario de Navarrako kazetariaren biharamuneko berria horren lekuko direla oroitarazi dute. Horren aitzinean, «gezurretan jarraituz gero, neurri politiko eta juridikoak hartzera beharuak egonen garela» ohartarazi du Udal Gobernuak.
Bertzetik, Baztango garapenaren inguruan proposamenik ez egitea egotzi ondotik, «Baztan erreka zokorat eraman duen NaBairen aldetik horrelakoak aditzea irrigarria» dela iritzi dio Udal Gobernuak «Udalaren kontuak kinkan utzi ondotik, eta hainbat obra burugabetan sosa purrustan gastatu eta gero, –plazako eraikinean 800.000 euro baino gehiago, adibidez–, guztiz onartezina da kritika hau» Bildu eta Baztango Ezkerrak osatzen duten udal gobernuaren erranetan.
Oharrak Udal Gobernuaren izenean eginak direla ere argitu dute eta NaBaik gobernu honetan parte hartzeko gonbidapena ukatu zuela azaldu. «Bertze gauza da Tokiko Gobernu Batzordea. Hemen Udal Gobernuaren erabakiz, talde guztiak parte hartzera gonbidatu ziren eta NaBaiko zinegotzia kide da. Halere, NaBairi jakinarazten diogu edozein kasutan ateak zabalik daudela bai sartzeko eta bai ateratzeko ere».