José Iribas Sánchez de Boado Hezkuntza kontseilaria Almandozko Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe Publikora joan zen urriaren 14ean, ortziralean. Han, irakasleekin batzartu da eta ikastetxean ikasten ari diren ikasleei mintzatu zaie. Bisita Nafarroako eskola eta institutuak bertatik ezagutzeko eginen dituen irteeren programaren barrenean egin da.
Almandozen egon den bitartean, kontseilariak Garbiñe Elizegi Baztango alkatea eta Luis Roldán Almandozko alkatea izan ditu lagun. Azpimarratu behar da Nafarroan landaguneetako 79 ikastetxe daudela eta horietan 3.000 ikasle inguruk ikasten dute.
Ikastetxe horietako gehienek Haur eta Lehen Hezkuntza eskaintzen dituzte, baina lau ikastetxetan (Betelun, Zudairen, Arantzan eta Zugarramurdin) ikasleek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ikasteko aukera ere badaukate.
Almandozko ikastetxea
Almandozko Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe Publikoa D eredukoa da (euskaraz irakasten da, eta gaztelania ikasgaia da) eta, guztira, bi taldetan banatuta dauden 19 haurrek ikasten dute (3k Haur Hezkuntzan eta 16k Lehen Hezkuntzan). Talde horietatik bat Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailetako ikasleek osatzen dute; bertzea, aldiz, Lehen Hezkuntzako gainerako ikasmailetakoek osatzen dute.
Almandozko eskolak Baztango ikastetxeekin koordinatuz egiten du lan. Bertze ikastetxe horiek 10 dira, eta Almandozen, Amaiurren, Arizkunen, Arraiozen, Azpilkuetan, Erratzun, Gartzainen, Iruritan, Oronozen eta Zigan daude. Horiez gain, Urdazubiko-Zugarramurdiko Eskola Elkartua ere badago. Ikastetxe horietako zuzendariak eta irakasleak astero Iruritan elkartzen dira, koordinatzeko. Han, urteko programa orokorra, hobetzeko plana eta ikastetxeetako jardueren gainerako arloak lantzen dituzte batera. Horretarako, landaguneko eskoletako koordinatzaile bat izaten dute.
Almandozko ikastetxea Lekaroz-Elizondoko BHIra dago atxikita, eta Nati Baranguan Zozaya da zuzendaria.