Webgune berritua estreinatu dute merkatariek

Ttipi-Ttapa 2011ko urriaren 13a

2006. urte hondarrean sortu zen Bertan, Baztango Merkatari, Zerbitzu eta Ostalaritza Elkartea. Kasik bortz urte dituzte lanean eta urte hauetan berrikuntzak egin dituzte. Azkenekoa, webgune berritua da, lehengoaren helbide eta lerro berdinarekin, baina elkarteko kide eta erabiltzaileei hobe egokitzen zaiena. Berrikuntza gisara, elkarteko komertzio eta zerbitzu guztiak, 82 establezimendu, mapa batean kokatu dituzte. Gaur egungo zuzendaritza ba­tzordea Miguel Quevedo presidenteak, Juan Jose Leiza presidente ordeak, Juanjo Leiza idazkariak, Elina Rodriguez diruzainak eta Benar Bertiz, Jaime Fagoaga eta Mikel Jaimerena bokalek osatzen dute. Urtero bezala, juntaren erdi­tsua aldatuko da abenduan, jende berria sartzeko eta denek, txandaka-txandaka, elkar­tean ardurak izan ditzaten.

 

Eguberrietako kanpainari begira

Azkeneko urteetako ohiturari eutsiz, hainbat ekimen egin dituzte Bertango merkatariek aurten ere. Honela, Aukeren Azokaren bosgarren edizioa egin zen otsailean, Bertan gastatu fite kanpaina udaberrian eta Bertan Eguna abuztuan. Miguel Quevedo presidenteak aipatu digunez, Eguberrietako kanpainari begira daude orain, «gan den urtekoa bezalatsu« izanen da. Oraindik komertzio batzuk elkartean ez daudela eta, «horiek fitxa­tu asmotan gabiltza, ostalaritza arloko berri batzuk sartu dira eta espero dugu gehiago ere sartzea» aipatu digu Quevedok.

 

2012ko egutegian argitaratuko dira III. Argazki Lehiaketako argazkirik hoberenak

Bertan III. Argazki Lehiaketa ere egin da aurten, hasierako bi edizioetan bezalaxe, Baztango natura gai hartuta. 2012ko egutegirako argazkiak lortzeko egin zen lehia­keta eta 400, 200 eta 100 euroko sariak banatu zituzten, elkarteko edozein dendetan erosketak eginez gastatzeko. Guztira 30 argazkilari eta 86 argazki aurkeztu dira aurtengoan. Lehenbiziko saria, Erra­tzuko Mitxel Etxenikerentzat izan zen, bigarrena Juan Lameirinhas elizonda­rra­­rentzat eta hirugarrena Edurne Biguria elizondarrarentzat. Horiek eta bertze argazki guztiak abuztuaren 6an egin zuten Bertan Egunean ikusgai paratu zituzten eta or­duantxe hartu zituzten sariak. Baina udan ikusi ez zutenek, oraindik ere udazkenean izanen dute argazkiak ikusteko aukera. Lehiaketara aurkeztutako argazkien era­kusketarik ez da izanen aurten Arizkunenean, baina www.bertanbaztan.com web­gunean ikus daitezke argazkiak.

Aurtengoa akitu bezain abudo, hurrengo urteko laugarren edizioa prestatzen hasiak dira. Gaia, oraingoan, Baztango ohitura, besta, ospakizun eta jendeak izanen da. Lanak 2012ko ekainaren 1etik 30era aurkeztu beharko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun