Urtetik urtera azienda gehiagorekin sendotzen ari da udazkeneko feria

Ttipi-Ttapa 2011ko urriaren 13a

Juan Mari Ondikol

Azken bizpahiru urteetan inoiz baino itxura hobea hartu du Elizondoko Udazkeneko Feriak, azienda kopuruari dagokionez. Gan den urtean, Altsasun feriarik ez zela egin baliatuz, Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza poltsan gelditutakoa aprobetxatu eta Burgete eta Jaka arrazako behor eta zaldiak eraman ziren plazara, baina baita behiak, euskal zerri­ak, astoak, ardiak eta bertze zenbait azienda ere ikusi ziren Merkatuko Plazan. Aurten ere azienda aunitz espero dituztela aipatu digu Xabi Torres Elizondoko alkateak, «ahal bezainbertze eta ahal haina klasetako azienda ekartzeko asmoa dugu, Baztangoa.

Ga­rraioa ordaintzen zaie abeltzainei, aziendak plazara eramateko egiten duten esfortzua saritzeko nolabait». Dena den, lehengo moduan aziendak plazaraino oinez eramatea ere bultzatzen ari dira, kamioietan eraman ordez.

Feria girotzeko egitarau zabala prestatu dute urriaren 28 eta 29rako. Ortzilerian Laxoa Plazan makineria erakusketa ere eginen da. Maialen Lujanbio eta Xebastian Lizaso ariko dira bertsotan eguerditik aitzinera. Gan den urtean, obren ondorioz, postu batzuk Jaime Urrutiatik eta plazatik urrundu behar izan ziren, baina aurten, lanak akituta, berriz ere inguru hori dena beteko dute.

 

Arratsaldean pilota jaialdi handia

Arratsaldeko 17:00 aldera, profesionalen arteko pilota partida ikusgarriak izanen dira pilotalekuan, ASPEren eskutik. Hau idazterakoan, oraindik erabat zehaztu gabe dago jaialdian parte hartuko dutenak, baina punta-puntako pilotariak izanen dira beti ere. Bai ortziralean, baita larunbatean ere, egun osoan merkatua izanen da Elizondoko karri­ketan barna. Hain zuzen, postuen salmenta izaten da Elizondoko herriaren urteko diru-sarrera ga­rrantzitsuenetako bat. Metro lineala 18 euro terdian saltzen da eta gan den urtean «berrehun postu baino gehiago izanen ziren» aipatu digu alkateak, baina ga­rrantzitsuena, «Baztango abeltzainek gero eta gehiago lantzen duten kategoriako aziendak erakustea da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun