«Bilduren, Ezkerraren eta Nabai2011ren» aldeko botoekin, eta Nafarroako Toki Aministrazioaren Foru Agindua betez, 2008 eta 2010 artean hautetsien asignazioetan izandako «irregulartasunak« zuzentzeko erabakia hartu zuen Udalak irailaren 20an egindako ez ohiko osoko bilkuran. Nafarroako Administrazio Auzitegiko bi erresoluzioen eta Toki Administrazioaren aginduari jarraikiz, aitzineko Udalak finkatutako asignazioak berregokitu ziren, guztiei 300 euroko muga paratuz. Bertze muga bat izatera diferentzia Udalak ordaindu beharko lukeelako zehaztu zen muga. Izan ere, Udalaren ustez, «ez da inondik ere bidezkoa aitzineko agintaldian jakinaren gainean egindako irregulartasun jarraitu baten ondorioak baztandarrek gehiago ordainduz konpondu behar izatea».
Aitzineko agintaldian asignazioen muga zehazterakoan, hiru muga ezarri ziren: 1.200 eurokoa, 800ekoa eta 300ekoa, arduraren arabera. Eta oraingo Udalaren irudiko, «hori ez da legezkoa; guztiendako muga bera paratu behar baita». Hala, aitzineko hautetsiek 110.000 euro itzuli beharko dituzte.
UPN-ri kritika
Gaiaren harira, UPNren jarrera salatu du Udalak: «plenotik kanpo eta prentsa ohar bidez, UPNk oraingo udaleko dietak 600 eurotik 300era jausteko proposamena egin du. UPNri oroitarazi behar diogu udal berriaren asignazioak erabakitzeko egin zen osoko bilkuran alde agertu zela, eta hortaz, ez dugu proposamen hau ulertzen». Gisa berean, iraileko osoko bilkuran gaiaren inguruan eztabaidatzeari «uko egin ziotela» nabarmendu du Udalak.
Begoña Sanzberrori erreferentzia
Udalak prentsara bidalitako oharrean dio, «harrigarria egiten zaiola azken bi agintalditan parlamentuan egoteagatik bizi osoko pentsioa izanen duen pertsonaren ahotik horrelakoak aditu behar izatea; baina batez ere, harrigarria egiten zaigu zesantia eta dietengatik urtero parlamentutik milaka euro hartuko duen bati horrelakoak aditu behar izatea». Datuak ere jakinarazi dituzte: «Begoña Sanzberrok 75.933 euro kobratu ditu urtean, lau urtez 303.732 euro kontseilari lanetan aritzeagatik. Gaur egun parlamentari lanetan aritzen direnek 3.300 euro kobratzen dituzten bitartean, Begoñak zesantia delakoa kobratzea erabaki du, hau da, kontseilariaren soldataren %80, 51.634 euro, hain zuzen, hilabetean 4.302 euro. Horretaz aparte, parlamentuan egiten diren bileretara joateagatik 161 euro kobratzen ditu hilabetean, bataz bertzeko zortzi bilera izanik, 1.288 euro inguru. Guztira hilabetan 5.590 euro kobratzen dituen parlamentari honek Udal zinegotziei 300 euro kobratzea eskatzen die».
NaBai-ren oharra
Urriaren 3ko plenoan Pello Iriarte NaBaiko zinegotzia irailaren 20ko akta onartzearen kontra azaldu zen. Bilkura hartan, bertzeak bertze, asignazioen gaia landua zen. NaBaik jakinarazi duenez, asignazioen gaia aktan nola jaso zen, ez zen ados gelditu. «Aktaren arabera, akordioa ahobatez onartu zen». Bere irudiko, «NaBaiko zinegotzia ez zen alkatetzaren akordio proposamenaren alde agertu, eta gainera, UPN bilera gelatik atera egin zen. Hortaz, ezin da erabakia aho batez hartu zela erran, aktan ageri den bezala». NaBaik akordioaren «baliozkotasuna zalantzan» paratu du, nola onartu zen ikusita.