Errotaren Eguna ospatuko dute Amaiurren urriaren 9an

TTIPI TTAPA 2011ko urriaren 6a

Egun osoan zabalik izanen dira Amaiurko errotaren ateak. Artxiboko argazkia

Heldu den urterako Elizondoko Etxaidek hartuko du lekukoa

Zubietan 2008an. Urdazubin 2009an. 2010ean, arrazoi ezberdinak tarteko, ez zen ospatu. Eta aurten Amaiurko errotak hartuko du lekukoa. Bertan eginen da igandean, urriaren 9an, Bertizko Partzuergo Turistikoak, Baztango Udalak eta Amaiurko errotak antolatutako Errotaren Eguna.

Zubietan 2008an. Urdazubin 2009an. 2010ean, arrazoi ezberdinak tarteko, ez zen ospatu. Eta aurten Amaiurko errotak hartuko du lekukoa. Bertan eginen da igandean, urriaren 9an, Bertizko Partzuergo Turistikoak, Baztango Udalak eta Amaiurko errotak antolatutako Errotaren Eguna.

Igande goizeko 10:30ean hasita artisautza azoka izanen da, baita taloen dastaketa ere. 11:00etan, errotatik abiatuta bisita gidatua eginen da herrian barna. 13:00etan heldu den urteko edizioa antolatuko duen Elizondoko Etxaideko errotari emanen zaio lekukoa. 17:00etan Amaiurko gazteluari buruzko solasaldia eskainiko da, historia eta arkeologia lanak laburbilduko dituena. 17:45ean bisita gidatua eginen da gaztelura eta 19:00etan taloak eskainiko dira errotan.

Goizean musikariak ere ariko dira Amaiurko karrikak alaitzen eta errotaren ateak egun osoan irekiak egonen dira.

  

Baztango Udaleko turismo zinegotziak, Iñigo Iturraldek, azpimarratu egin du «Baztango Udalak ekimenen honen proposamena ezagutu zuenetik partehartzea erabaki zuela, interesgarria ikusten baita gure ondarea eta Baztango turismo eskeintza erakusten duten ekintzak bultzatzea». Baztango Udalak laguntza ekonomikoa eman duela ere aipatu du, eguna honen egitaraua bideratzeko sortu diren gastuak bere gain hartuz. Azkenik aipatu du konbidatu nahi dituela baztandarrak zein bisitariak antolatu diren ekintzetan parte hartzera eta, aldi berean, Baztanek eta Amaiurrek eskeintzen dituzten baliabidetaz disfrutatzera.

Bertizko Partzuergoko kudeatzailea den Izaskun Goñik adierazi egin du «horrelako ekitaldien bitartez turismo arloan egiten da dinamizatzea deitzen dena. Hau da, ekitaldi hauen helburua da arreta deitzea gure eskualdearen berezko ezaugarri baten inguruan, kasu honetan erroten inguruan, bere garaian bizilagunen eguneroko bizitzan garrantzi haundia izan baizuten. Bizimoduak hainbertze aldatu direnez, erakartzeko ahalmena lortzen dute, nola funzionatzen duten eta nola antolatzen zen dena ezagutzeko aukera izaten dugulako. Hauxe dena urtean zehar egiten diren bisita gidatuetan azaltzen da eta ekimen hauekin gogorarazten dugu aktibitate hau egiten dela».

Zentzu berean Izaskun Goñik aipatu du «azpimarragarria dela arlo turistikoaren kideen partehartzea ekimen hauetan, bai errotaren arduradunaren aldetik, bai Amaiurreko landetxeen aldetik, lan haundia egiten dutela bolondres gisa bere herria dinamizatzeko, duela zenbait urte hasi baitziren bisita gidatuekin, haur jolasekin eta abarrekin».

Azkenik Bertizko Partzuergoko kudeatzaileak eskertu du Baztan-Bidasoako artisauen partehartzea eta Baztan Rugby Taldearen laguntza eta, batez ere, Baztango Udala ekimena hau gauzatzeko eskeini duen laguntzagatik eta Amaiurko Errotaren kudeatzaileen lana.

Ekimen hau Baztan-Bidasoako martxan dauden lau errotetatik hirutan ospatu da eta aurten Etxaide Errotari pasatuko zaio lekukoa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun