«Dena ez da futbola, eskubaloia eta pilota, bertze kirolak ere badira»

Gurutze PIKABEA 2011ko irailaren 29a

Alberto Barberena 27 urterekin hasi zen lasterka, lehenagotik futbolean ibili ondotik. Utzitako argazkia

 

 

Betidanik ongi moldatu izan da Alberto Barberena lasterka. Baina 27 urterekin afizio bihurtu eta duela hiruzpalau urte «serioago» laster egiten hasi zen. Berako Manttale Mendi Lasterketa Taldea izan zen bere lehendabiziko taldea. Duela bi urte, berriz, Baztango Lasterketa Taldea sortzeko pro po sa mena atera zenean, horretan ahalegindu zen. Gaur egun, 40 bat lagunek osatzen dute Baztango Lasterketa Taldea. Gehienak 30 urtetik goitikoak badira ere, noizbait haurrendako eskola bat sortzea gustatuko litzaioke.

 

24 urte bitarte, futbola izan zuen Alberto Barberenak (Elizondo, 1978) kirolik gustukoena eta Baztan eta Iruñeko Oberena futbol taldeetan ibili zen. Gero, ordea, uz­tea  erabaki zuen eta urte pare batez atseden har tzea. 27 urterekin, lasterka hasi zen eta geroztik horixe  maite du. «Duela hiruzpalau urte serioago hasi nintzen», azaldu digu. Halere, aitortu digunez, «betidanik gustatu izan zait lasterka ibiltzea. Ttikitan, Baztan Ikastolak  antolatutako lasterketetan ibiltzen nintzen eta ongi moldatzen nintzen».

Bi kirolek «aunitz» eman omen diote: «futbolak lagun aunitz eman dizkit, koadrillan aritzeko aukera ematen baitu. Baina futbolak lesioak izateko arrisku haundiagoa du, laster egiteak ez daukana. Lasterka norbere kabuz ibiltzen da gehiago».

Errepidea eta mendia. Biak probatu ditu eta biak gustatzen zaizkio. Dena den, «konpetitzeko nahiago dut errepidea eta mendia nire kaxa ibiltzeko». Errepidean «hobeki» moldatzen dela  ere erran digu: «altuagoak garenoi malda goiti  gehiago kostatzen zaigu».

Astean hiruzpalau egunez entrenatu ohi du, nahiz eta batzuetan gehiago ere egin. «Ordubete inguruko buelta egiten dut, edo ahal dena. Normalean Bertizen, Lekarozen edo Iruñean ibiltzen naiz, tarte bat dudanean lanetik aterata». Rafa Maritxalarrek prestatzen dizkio entrenamenduak.

Iruñean egiten du lan, eta entrenamenduak lanarekin batera tzea ez zaiola erraza egiten aitortu digu: «lana, entrenamenduak, haurrak... Tetrix antzeko zerbait egin behar da». Baina gustuko tokian maldarik ez. Eta orain, bere burua sasoian ikusten duela, aprobetxatu egin nahi du: «nahiko berandu hasi nintzen lasterka eta urtero hobetzen ari naiz». Zer hobetua baduelakoan dago: «beti hobetzen ahal da. Nik men­dian malda goiti ibiltzeko hobetu behar dut», dio. Baina badu nabarmentzeko ezaugarririk ere, eta hori «zankada luzea» da bere irudiko: «1,80 metro neurtzen ditut eta zankada luzea dut. Horrek abiadura ematen dit eta azken kilometroetan nahiko azkarra naiz».

Berako Manttale Taldea izan zen bere lehen da biziko lasterketa taldea: «ordura arte nire kabuz ibiltzen nintzen eta Manttalekoek beraiekin hasi nahi nuen galdetu zidaten. Arras jende jatorra  aurkitu nuen eta gustura ibili nintzen. Oraindik ere batzuetan beraiekin geldi tzen naiz laster egiteko». 2009 hondarrean, ordea, Baztango Lasterketa Taldea sortzeko ideia atera zen, eta horretan sartu zen burubelarri. «Manttale mendi lasterketetan ibiltzen da eta ni horietan ibiltzen ez naizenez, eta Baztango taldearen antolakuntzan sartu nintzenez, Manttale utzi  egin nuen Baztango taldea aurrera ateratzeko». Horren ondorio, gaur egun, 40 bat lagun dira taldean. 2009an eta 2010ean San Silvestre lasterketa eta iaz eta aurten Elizondoko bestetan krosa izan dira Baztango Taldeak antolatutako probak eta badu te errepikatzeko asmoa. Etxetik kanpoko krosetan ere parte hartu izan dute eta orain, Behobia-Donostia dute jomuga. Barberenak, adibidez, ordubete eta zortzi minututan akitu zuen gan den urtean eta «ea aurten hortik jausten naizen», adierazi digu. Lehenagotik, Orreaga-Zubiri proba eginen du. Lasterketa horietarako prestatzen ari dela , jendeari korrika hasteko gonbitea luzatu dio: «orain arte nahiko afizio guti izan da Baztanen eta lasterketa taldea gazte eta helduei motibazioa pizteko sortu  genuen. Baztanen dena ez da futbola, eskubaloia eta pilota, bertze kirolak ere badira».

 

DENA EGITEA ZAILA

«Zaila da dena bateratzea. Lana, entrenamenduak, bi haurrak... Tetrix antzeko zerbait egin behar da guztia bateratzeko».

KORRIKARAKO GONBITEA «Orain arte laster egiteko nahiko afizio guti izan da Baztanen eta Baztango Lasterketa Taldea gazte eta helduei korrikarako motibazioa pizteko sortu genuen».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun