Elizondoko Osasun Etxea Nafarroako Oinarrizko Osasun Laguntza Hobetzeko Plan berrian sartuko da urriaren 6tik aitzinera, zerbitzuak berrantolatzeko eta «pazienteek egin dizkiguten eskaera nagusiei ahalik eta hobekien erantzuteko». Berrantolaketaren helburu nagusiak, hitzordua, beharrezkoa bada, eskatzen den egunean berean izan dadila ziurtatzea, telefono bidezko atentzioa hobetzea, behar bakoitzerako arreta mota egokiena ematea, Osasun Etxera behin eta berriz etorri beharrik ez izatea nahitaezkoa ez bada, osasunerako hezkuntza eskaintzea, eta nork bere burua zaintzen erakustea dira.
Egindako aldaketak direla-eta, bertzelakoa da orain hitzordua eskatzeko prozedura.
Eskaerak sailkatu eta lehentasunak finkatu
Paziente bakoitzari aholkurik egokiena eman ahal izateko, harreralekuan ari diren langileek zer arreta behar den galdetuko diote pazienteei. Horrela, kontu aunitz telefono bidez konpontzen ahalko dira, kontsultara joan beharrik gabe. Administrariek zuzenean emanen dute erantzuna, eta, beharrezkoa bada, harremanetan jarriko dute eria medikuarekin, erizainarekin edo gizarte-langilearekin.
Hitzorduak
Eriari ahalik lasterren kasu egiten zaiola ziurtatzeko, pazienteak beharrezkoa iruditzen zaion guttieneko informazioa eman behar dio administrariari. Honela, berahala laguntza behar duten larrialdiak, egun berean hitzorduak edo ustez behintzat 2-4 egunez esperatzen ahal duten erien hitzordu arruntak bereiziko dira. Administrariarekin batera, eriak berak erabakiko du hitzordua egun bererako behar duen ala ez.
Prebentzioa eta hezkuntza ere indartu nahi dira. Hala, erizainek protagonismo handiagoa izanen dute egokiak baitira hasierako sintomak baloratzeko.
Telefono zerbitzua
Osasun Etxeak telefono zerbitzu berria izanen du, telefono guztiak okupaturik daudenean hartu ezin diren deiei kasu egiteko. Larrialdia delarik, eriak tekla bat zapaltzen ahalko du, eta, bere deia zuzenean joanen da egiazko larrialdietako telefonora.
Pazienteak uste baldin badu bi edo hiru egunez esperatzen ahal duela, nahi izanez gero, mezu bat uzten ahalko du erantzungailuan, izena eta telefonoa erranik. Goizean, Osasun Etxeko administrariek deitu eginen diote. Posta elektronikoz ere eskatzen ahal izanen da ordua (citaselizondo@navarra.es), izena eta telefonoa utzita.
Lehenbiziko orduan telefono dei guziak ez pilatzeko, ahal dela 08:00etatik 09:30era ez deitzeko ere eskatu dute, ez bada ezinbertzekoa egun horretan berean hitzordua izatea. Hitzordua Internetez ere hartzen ahal da: www.citasalud.navarra.es.
Gaixoen laguntza
Helburuak bete daitezen, laguntza eskatu diete Urdazubi, Zugarramurdi eta Baztango herritarrei, «Osasun Etxea hobetzea denon ardura baita». Horrekin batera, Elizondoko Osasun Zentrutik jakinarazi dutenez «arras inportantea da herritar guztiek ongi irakurtzea eskualdean banatuko dugun liburuxkan ematen diren aholkuak. Dudarik izanez gero, aski da deitzea».