Brokak, labanak, diskak edota bertzelako tresnak zorrozteko zerbitzua eskaintzen dutela erranez, iruzur egiten ari den talde bat dabilela jakinarazi du Foru Poliziak. Irail hasieran Baztango enpresa batean egin zuten iruzurra eta gehiagotan ere ibiliak dira.
Titanioarekin egindako zorrozketa modu «berritzailea» eskaintzen dute, eta froga gisa txanpon bat mozten dute labana edo guraize batzuekin. Baztango kasuan, proba egin eta erreminta saila eraman zituzten aurrekonturik egin gabe. Ondotik, neurriz kanpoko faktura aurkeztu zuten. Lana egindakoan, diru kantitate haundiak eskatzen dituzte, telefonoz egindako mehatxuen bidez.
Enpresa, komertzio edo ostalaritzan eskaini izan dute zerbitzu hau eta horrekin kasu emateko ohartarazi dute.