Elizondoko Osasun Etxea Nafarroako Oinarrizko Osasun Laguntza Hobetzeko Plan berrian sartuko da urriaren 6tik aitzinera, zerbitzuak berrantolatzeko eta “gure pazienteek egin dizkiguten eskaera nagusiei ahalik eta hobekien erantzuteko”. Berrantolaketaren helburu nagusiak, hitzordua, beharrezkoa bada, eskatzen den egunean berean izan dadila ziurtatzea, telefono bidezko atentzioa hobetzea, behar bakoitzerako arreta mota egokiena ematea, Osasun Etxera behin eta berriz etorri beharrik ez izatea, nahitaezkoa ez bada eta Osasunerako hezkuntza eskaintzea, eta nork bere burua zaintzen erakustea dkira.
Osasun Etxearen funtzionamenduak egindako aldaketak direla-eta, bertzelakoa da orain hitzordua eskatzeko prozedura, eta aldatuz doaz, poliki bada ere, profesional guzien eginkizunak: Oinarrizko Osasun Laguntzako Taldea osatzen duten administrariak, medikuak, erizainak, eta gizarte-langileak.
Eskaerak sailkatu eta lehentasunak finkatu
Paziente bakoitzari aholkurik egokiena eman ahal izateko, harreralekuan ari diren langileek zer arreta behar den galdetuko diote pazienteei. Antolamendu berriari esker, kontu anitz telefono bidez konpontzen ahalko dira, kontsultara edo osasun etxera joan beharrik gabe.
Administrariek zuzenean emanen dute erantzuna, eta, beharrezkoa bada, harremanetan jarriko dute eria medikuarekin, erizainarekin edo gizarte-langilearekin.
Larrialdia, egun bererako hitzordua edo hitzordu arrunta
Eriari kasu ahalik lasterrena egiten zaiola ziurtatzeko, pazienteak gutxieneko informazioa eman behar dio administrariari, beharrezkoa iruditzen zaiona, egoera klinikoa zein den jakin eta zer egin erabakitzeko. Honela, berahala laguntza behar duten larrialdiak, egun bererako hitzorduak edo ustez behintzat 2-4 egunez esperatzen ahal duten erien hitzordu arruntak bereiziko dira. Administrariarekin batera, eriak berak erabakiko du hitzordua egun bererako behar duen ala ez.
Antolamendu berrearen bertze helburuetako bat prebentzioari eta hezkuntzari pisu handiagoa ematen dien laguntza sistema sustatzea da. Horretarako, erizainek protagonismo handiagoa izanen dute, profesional egokiak baitira hasierako sintomak baloratzeko.
Aldaketak telefono zerbitzuan
Osasun Etxeak telefono zerbitzu berria izanen du, telefono guztiak okupaturik daudenean hartu ezin diren deiei kasu egiteko. Larrialdia delarik, eriak tekla bat zapatzen ahal du, eta, horrela, zuzenean doa bere deia egiazko larrialdietarako telefonora.
Pazienteak uste baldin badu bi edo hiru egunez esperatzen ahal duela, nahi izanez gero, mezu bat uzten ahal du erantzungailuan, izena eta telefonoa erranik. Goizean zehar, Osasun Etxeko administrariek deitu eginen diote pazienteari. Posta elektronikoz ere eskatzen ahal da hitzordua, citaselizondo@navarra.es helbidean, izena eta telefonoa utzita. Lehenbiziko orduan telefono dei guziak ez pilatzeko, egokia izanen litzateke, ahal dela, 08:00etatik 09:30era ez deitzea, ez bada ezinbertzekoa egun horretan berean hitzordua izatea. Hitzordua Interneten bidez ere hartzen ahal da, helbide honetan: www.citasalud.navarra.es
Gaixoen laguntza
Osasun Etxeko zuzendaritzaren helburuak bete daitezen, laguntza eskatu diete Baztango, Urdazubiko eta Zugarramurdiko herritarrei, “Gure Osasun Etxea hobetzea denon ardura baita”.
Elizondoko Osasun Zentrutik jakinarazi dutenez “hagitz inportantea da herritar guziek ongi irakurtzea eskualdean banatuko dugun liburuxkan ematen diren aholkuak. Dudarik izanez gero, aski da harreralekuko langileei deitzea, behar bakoitzerako laguntza mota egokiena eta lasterrena zein den jakiteko”.