Irailaren 17an, larunbatean apostu ikusgarria jokatu zen Oronoz-Mugairin. Herriko hamar gazte eta herrian bizi diren bi atleta handi izan ziren aurrez aurre, Rafa Maritxalar eta Jose Mari Zamora, hain zuzen.
Oronozko futbol zelaiaren inguruan hamar kilometro lasterka osatzean zen desafioa. Herriko gazteek kilometro bana egin behar zuten txandaka (launa itzuli zelaiari) eta korrikalari “profesionalei” dagokienez, berriz, Maritxalarrek hiru itzuli eman behar zituen eta Zamorak txanda hartzen zion batean.
Joan den urtean ere desafio berdintsua bota zuten herriko gazteek, baina orduan Rafa Maritxalar bakarka aritu zen eta gazteek irabazi zuten. Aurten, Jose Mari Zamoraren laguntzarekin, korrikalari “profesionalak” suertatu ziren garaile.
Giro ederra izan zen futbol zelai inguruan, ehun bat lagun hurbildu baitziren lasterkaldia ikustera.