Uztailaren 8an sendagai-hautsen zakuak zeramatzan kamioi batek Iruñea aldera zihoala su hartu zuen, eta Belate tunelaren azpiegituran kalte larriak eragin zituen. Geroztik, itxita egon dira Belateko eta Almandozko tunelak. Baina irailaren 14ean, asteazken gauerditik aitzinera zabalik dago.
Bitarte honetan, istripuak eragindako kalteak konpontzeaz gain, Gobernuak adierazi duenez, «prebentzio-izaerako jarduerak egin dira bi tuneletan, era horretan, epe laburrean trafikoari gehiago eragin ez diezaion».
Azpiegitura konpontzeko lanak Mariezkurrena Eraikuntzak (egitura berriz eraiki du) eta SICE SA enpresek egin dituzte. Azken horrek, alde batetik, suteak kaltetutako materiala desmuntatu eta kendu du eta bertzetik, kaltetutako segurtasun-sistema guztiak konpondu ditu.
Anai Astiz Sustapen eta Etxebizitza kontseilaria Belateko tunela ikustera joan zen irailaren 13an, asteazken eguerdian. Konpontzeko obren ondoren funtzionamendu orokorraren azken probak bertatik ikusi zituen, trafikoari ireki aitzinetik. Ireki ondoren, N-121-A errepideko zirkulazioa normaldu eginen da berriz ere, bi hilabete luzeko gurutzebidearen ondotik. Bisitan, Astiz kontseilariarekin batera izan dira Camino Bonafaux Obra Publikoetako zuzendari nagusia eta inguruko udalerrietako alkateak eta ordezkariak. Anai Astizek zera azpimarratu du mintzaldian: "Kaltetutako erabiltzaile nagusiei, eskerrik asko, inguruko auzokideei bereziki, azken hilabetetan egoera jasateko izan duten pazientziagatik". Horrez gain, nabarmendu du "Nafarroako Gobernuko langileek erantzuteko izan duten gaitasuna; eraginkortasunez jardun dira eta konpontzeko orduan esku-hartze ikaragarria eskaini dute".
Uztailaren 8tik itxita
Gogoratuko duzuen moduan, Belateko tunela trafikoari itxita egon da joan den uztailaren 8ko arratsaldetik, medikamentu-hautsa garraiatzen ari zen kamioi batek su hartu zuelako tunelaren barrenean. Konponketa lanei eta instalazioei dagokienez, kableak, argiak, erretiluak eta euskarriak konpondu dituzte, baita telebista zirkuitu itxia, suteak detektatu eta itzaltzeko eta aireztatzeko sistemak ere. Horrez gain, tunelaren barrenean kotxeak segurtasunez ibiltzeko baldintza seguruak bermatzen dituzten egitura elementuak leheneratu dira, erraterako, bobedako iragazgaiztasunerako elementuak eta drainatze sistema, zoladura eta seinaleak. Kaltetutako gunea konpontzeko obrez gain, Nafarroako Gobernuak prebentziorako mantentze eta zuzentze lanak burutu ditu bi Belate eta Almandozko tuneletan.