Oharrizko harrobia geldiarazi du Baztango Batzar Nagusiak

TTIPI TTAPA 2011ko irailaren 13a

Nafarroako Gobernuak onartu du erabakia “egoera legala zuzendu arte”

Baztango Batzar Nagusiak Oharrizko harrobiaren egoera aztertu zuen irailaren 1ean egin zuen bilkuran eta lanak geldiarazteko eskatzea erabaki zuen, “erauzketa horren ardura duen enpresa lanak bidezko tituluz egiten ari den edo legez kanpoko okupazio baten aitzinean gauden argitu arte eta legez dagozkigun konpentsazioak Nafarroako Gobernuarekin hitzartu arte”.

Irurita-Elizondo saihesbideko lanak tarteko hasi ziren Oharrizen lanak, baina gauzak ez direla ongi egin dio Baztango Udalak.

Garbiñe Elizegi alkatearen hitzetan, «aitzineko Udalak alkatearen ebazpen bidez eman zuen lur horiek erabiltzeko baimena. Ustiatzen hasi eta nahikoa ez zela eta haunditzea eskatu zuen enpresak. Horretarako Batzar Nagusiak ez du baimenik eman, baina halere, lanean segitu dute Nafarroako Gobernuaren baimenarekin. Baina horko lurrak komunalak dira eta horien gaineko eskumena Batzar Nagusiak du, ez Udalak eta ez Gobernuak». Gai horri eta «saihesbideari ikusten dizkiogun hutsuneei» buruz solasteko «behin eta berriz» Herrilan kontseilariarekin bilera egitea eskatu dutela adierazi digu alkateak, «baina ez digu kasurik egin eta h­rregatik erabaki du Ba­tzar Nagusiak harrobia geldiaraztea».

Herrilan sailari berriz ere premiazko bilkura eskatu zuen Batzar Nagusiak eta horri erantzunez, irailaren 8an Baztango Batzar Nagusiko eta udaleko ordezkariak eta idazkaria Herrilan kontseilariarekin eta zuzendari nagusiarekin bildu ziren. Bilera horretan, bi aldeek adierazi zuten egoerari konponbidea ahalik eta lasterren bilatzeko beharra. Nafarroako Gobernuak harrobia gelditzea erabaki du egoera legala zuzendu arte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun