«Giza garapena mantentzeko gai izan behar dugu, baina inor baztertu gabe»

Gurutze PIKABEA 2011ko irailaren 14a

Alizia Aleman 2008az geroztik ari da Alboan Gobernuz Kanpoko Erakundean lanean. TTIPI TTAPA

2008az geroztik, ALBOAN Gobernuz Kanpoko Erakundean egiten du lan Alizia Aleman elizondarrak: ikerketa sailean eta sare politikoan ari da, bertze erakundeekin harremanetan. Baina ibilbide luzea du gibeletik: Nazioarteko Zuzenbide Publikoan doktore­tza egina du, Baigorri eta Baztan konparatuz ikerketa lan bat ere bai, Perun Nazio Batuen Erakunderako ere aritua da lanean, baita Munduko Bankuarentzat ere. Gaur egun, Euskal Herrian bizi da, nahiz eta lana tarteko, kanpoan ere aunitz ibiltzen den.

 

Zertan aritzen da ALBOAN?

Jesusen Lagundiak Loiolako probintzian [Hego Eus­kal Herrian] garape­ne­r­ako lankide­tzan aritze­ko duen Gobernuz Kanpoko Erakundea da. Garai batean, misiolariak hainbat tokitan izaten ziren eta hemengo jendea­rekin harremanetan egoten ziren, batez ere dirua eskatu eta proiektuak egiteko. Baina 90. hamarka­dan gero eta jesuita gu­ttiago zegoela eta, profe­sionalitzatzeko beharra ikusi zuten eta ALBOAN GKE Gobernuz Kanpoko Erakundea sortu zuten. Hainbat proiekturekin ari gara lanean, garapen proiektuekin eta programekin eta horieta­ko aunitz hezkuntza arlo­koak, bai atzerrian baita hemen ere. Baina alderdi produktiboan eta poli­tika sozialak indartzeko proiektuekin ere ari gara­. Batez ere, Asian, Ertame­rikan, Hegoamerikan eta Afrikan egiten dugu lan.

Zein da zure lana?

Ikerketa sailean eta sare politikoan egiten dugu lan. Beti bertze erakundeekin egiten dugu lan, eta horri deitzen diogu sareak. Sareak eraikitzen saia­tzen gara ikerke­tak egin eta legeak al­datze­ko, eta horien jarraipena ere egiten dugu.

Guatemala, Kongo eta Indiako natur baliabideen ku­dea­keta azter­tzen­ ari zarate...

Hala da. Guatemala, Kon­go eta Indiako natur ba­liabideen kudeaketa eta arazoak azter­tzen ari naiz, konparaketa bat eginez. Natur baliabideak desberdinak dira hiru tokietan: Guatemalan ura dute eta hi­dro­e­­lek­trika bat egin nahi dute, Kongon mea­tegi arte­sanalak dituzte eta Indian oihanak. Nahiz eta baliabideak desberdinak izan, pro­ze­su batzuk na­hiko ber­din­tsuak dira. Eta an­tze­ko­tasun haundiena inguru oso pobreak direla da eta baliabide horiekiko menpekotasun haundia dute­la. Bizitzeko baliabide hori beharrezkoa dute eta horrega­tik beraien borroka oso garran­tzi­tsua da, ez badute ongi zaintzen, ogi­bi­de­rik gabe gelditzen ahal baitira. Badirudi natur baliabideen inguruan hartzen diren erabakietan parte hartu ahal izate­ko borrokan ari direla herritarrak.

Hiru herrialde horietatik zer nabarmenduko zenuke?­

Indiako Gujarat zonaldean bizi diren indi­genak arras pobreak dira, oihanetan bizi dira eta hauek estatuarenak dira. Oihanen eskubideen inguruan 2006an onartu zen legea ezartzeko borroka­n ari di­ra. Lege berri horrek orain arte eduki ez dituzten eskubideak aitortzen dizkie. Kongon, berriz, he­zi­keta bat jaso, lan egin eta etorkizun ona izateko­ ia aukerarik ere ez dute. Aunitzetan, lan egiteko au­kera bakarra mea­tegi artesanaletan aurki­tzen dute, eta hori arras arris­ku­tsua da. Guatema­lan, natur baliabideekin bat datorren mundua uler­tzeko borrokan ari dira.

Lankidetza politikak ere aztertzen dituzue...

Gure ikerketaren bertze ildoa lankidetza politikak aztertzea da. Adibidez, EAE eta Nafarroako gobernuek zer egiten duten­ lankide­tzaren ingu­ruan ikustea. Aurrekontuen jarrai­pen haundia egiten dugu, zein konpro­miso duten eta zenbat gas­­­ta­tzen duten. Badirudi, 2010­ean, adibidez, nazioarteko lankidetzarako dirula­guntzak %2 murriztu zirela EAEn.

Kanpoan ibili ondotik, nola ikusten duzu gure­ ingurua?

Leku pribilejiatuan bizi gara, bizi kalitate onarekin. Giza ga­rapena man­ten­tzeko gai izan behar dugu, baina inor baztertu gabe. Natur baliabideetara lotu behar dugu, ditugun aukerak ikusi, aitzi­nera nola egin jakiteko. Ongi bizi eta ongi elkarbizi, bakean eta adiskidetasunean.

 

EGITEN ARI DEN IKERKETA

«Guatemala, Kongo eta Indiako natur balia­bideen kudeaketa eta arazoak aztertzen ari naiz. Natur baliabideak desberdinak dira hiru tokietan baina prozesu batzuk nahiko berdintsuak dira. Antzekotasun haundiena inguru oso pobreak direla da eta baliabide horiekiko menpekotasun haundia dutela. Bizitzeko baliabide hori beharrezkoa dute eta horregatik borroka oso garrantzitsua da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun