Baztan-Errekako taldeak Europako pilota luzeko txapelketako bi partidak irabazi zituen

TTIPI TTAPA 2011ko irailaren 5a

Eskualdeko pilotariak, Alakant eta Angelukoekin batera, partidak hasi baino lehen. Juan Mari Ondikol

150 urte bete dituen Elizondoko laxoa plazan jokatu ziren partidak larunbatean

Aurten lehendabiziko aldiz, zuzeneko esku pilota txapelketa jokatuko da Europako kluben artean. Modalitate hau hemen bote luzea izenarekin ezagutzen dena da, eta jokatzeko moduak laxoaren antza haundia du: jokoaren kontzeptua, kontatzeko modua, pilotalekua... berdinak dira. Aldatzen den gauza bakarra zera da: laxoan eskularrua erabiltzen dela eta pilotak desberdinak direla.

Aurten lehendabiziko aldiz, zuzeneko esku pilota txapelketa jokatuko da Europako kluben artean. Modalitate hau hemen bote luzea izenarekin ezagutzen dena da, eta jokatzeko moduak laxoaren antza haundia du: jokoaren kontzeptua, kontatzeko modua, pilotalekua... berdinak dira. Aldatzen den gauza bakarra zera da: laxoan eskularrua erabiltzen dela eta pilotak desberdinak direla.

Lehendabiziko txapelketa honetan Europako hamahiru taldek parte hartuko dute: bi Belgikatik, bat Herbehereetatik, bi Italiatik, bat Frantziatik, bortz Valentziatik eta bi Euskal Herritik: Angeluko Hardoy taldea (Lapurdi) eta Baztan. Taldeak lau multzotan banatuak dira eta hala, beraien artean kanporaketak jokatuko dituzte. Horren ondotik, azken fasea irailaren 23tik 25era jokatuko dute Iruñeko Antoniutti parkean.

Baztan-Erreka taldeari hirugarren multzoa egokitu zaio, Alacanteko El Campello eta Angeluko Hardoy taldeekin batera.

Eta lehia horretako kanporaketa faseari Elizondon eman zitzaion hasiera irailaren 3an, larunbatean. Baztango Udalak harrera ofiziala egin zien klub eta pilotariei eta partidak arratsaldean hasi ziren. Guztira hiru partida jokatu ziren aurten 150 urte bete dituen Elizoko plazan.

Baztan-Errekako boskoteak nagusitasunez irabazi zituen bere bi partidak, 6-0 Angeluko Hardoi taldeari eta 6-2 Alakanteko El Campellokoei eta Iruñean jokatuko den azken faserako sailkatzeko aukera handiak ditu. El Campellok ere 6-0 irabazi zion Hardoiri eta seguruenik, Alakant eta eskualdeko taldeen artean erabakiko da txartela.

Arratsean, pilotari guztiek elkarrekin afaldu zuten, Udalak eta Elizondoko herriak eskainitako afarian. Irailaren 10ean, itzulerako partidak jokatuko dira El Campellon eta han izanen dira Baztan, Hardoy eta etxeko taldea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun