Berriz ere Irurita B gailendu da herritarren arteko finalean

Ttipi-ttapa 2011ko irailaren 2a

Joan den urtean bezala, Irurita B suertatu da aurten ere laxoa txapeldun. Iaz bezala, herri bereko bi talderen arteko finala izan zen Peio Iriarte eta Laxoa Elkarteak utziak

Hirugarren Doneztebe eta laugarren Arraioz izan dira

DATUA
8 txapel lortu ditu guztira Iruritak. Doneztebek 17 ditu; Oizek 4 eta Arraiozek 3.

Baztan-Errekako 32. Laxoa Txapelketaren finala jokatu zen abuztuaren 6an Iruritan eta berriz ere Irurita B suertatu zen garaile, 9 eta 5 irabazi baitzion Irurita Ari. Iaz bezala, Joseba Urtasun, txapeldunen sakalaria izendatu zuten finaleko jokalari onena eta Mikel Eizagirreren saria eraman zuen. Berekin batera, Guillermo Etxenike numeroa eta Jesus Etxenike eta Miguel Bidegain laurdenak aritu ziren talde txapeldunean. Azpi­txapeldun izan zen Irurita A taldean, berriz, Jorge Azkarate sakalaria, Igor Urrutia numeroa eta Iñaki Etxandi eta Andres Elizaintzin laurdenak aritu ziren. Partida osoan aitzinetik ibili ziren txapeldunak (2-0, 2-1, 3-1, 3-2, 6-2, 6-3, 8-3, 8-5 eta 9-5).
 Alberto San Miguel oiztarra, Juan Mari Artazkoz doneztebarra, Miguel Maritorena arraioztarra eta Jose Javier Elizaintzin iruritarra izan ziren epaile eta Iruritako Txuma Prim aritu zen marrak zaintzen. 
Hirugarren posturako norgehiagoka estuagoa izan zen eta Doneztebe Ak 9 eta 8 irabazi zion Arraioz Ari, 6-8 gal­tzen joan ondotik. Donezteberekin Santi Mindegia, Pascual Bertiz, Jokin Arraztoa eta Koldo Legarra aritu ziren eta Arraiozekin Iñaki Mihura, Jon Gamio, Asier Zubigarai eta Jesus Mari Laurnagarai.
Sari banaketan, Peio Obregozo Iruritako alkatea, Nafarroako Pilota Federazioko Ramon Martinez eta Jon Oiar­tzun, Nazioarteko Federazioko Arrieta eta Pilotarien Batzarreko Josean Arroyo izan ziren, Laxoa Elkartekoekin.
 

TXAPELDUNAK

1980    IRURITA
1981    DONEZTEBE
1982    DONEZTEBE
1983    OIZ
1984    OIZ
1985    DONEZTEBE
1986    DONEZTEBE
1987    DONEZTEBE
1988    OIZ
1989    DONEZTEBE
1990    OIZ
1991    IRURITA
1992    DONEZTEBE
1993    IRURITA
1994    DONEZTEBE
1995    DONEZTEBE
1996    DONEZTEBE
1997    DONEZTEBE
1998    DONEZTEBE
1999    ARRAIOZ
2000    DONEZTEBE
2001    ARRAIOZ
2002    IRURITA
2003    DONEZTEBE
2004    IRURITA
2005    DONEZTEBE
2006    DONEZTEBE
2007    IRURITA
2008    DONEZTEBE
2009    ARRAIOZ
2010    IRURITA
2011    IRURITA
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun