Udalaren ekimenez sortu diren kultur eta hirigintza batzorde irekiak lanean hasi dira

Ttipi-ttapa 2011ko irailaren 2a

Kultur batzorde irekiak irailaren 7an eginen du hurrengo bilera eta 13an hirigintzakoak

Kultur eta hirigintza eremuak lantzeko asmoarekin, batzorde irekiak osatu dira Baztanen Udalaren bidez, eta uda honetan hasi dira lanean.
Udal Kultur Batzordeak dagoeneko bi bilera egin ditu eta ba­tzordearen funtzionamendua zehazteko izan dira. Funtzionamendu egokirako talde iraunkor baten beharra ikusi da, eta hala, kultur zinegotzi eta teknikariarekin, alderdi politiko guzietako ordezkariekin, Baztango kultur taldeetako ordezkariekin eta interesa duen edozeinekin taldea osatu nahi da.
Hurrengo hitzordua ere zehaztua dute: irai­laren 7an, asteazkenarekin, izanen da udaletxeko batzar gelan, 20:00etan. Batzordearen funtzionamendu orokorra eta barne antolakuntza zehaztea izanen dira jorratuko diren puntuak eta bilera irekia izanen da.

Hirigintza batzordea
Udaleko hirigintza batzorde irekia ere uztailean hasi zen biltzen. Afera honetan, aipatzekoa da hirigintzako aholkulari berria kontratatu duela Udalak. Prozedura negoziatu itxi­ bidez egin da, eta Kristina Arre­gi izan da aukeratua. Urte bateko kontratua egin zaio eta he­rritarren harrera egunak astearteak (13:00etatik 14:30­era) eta ortzegunak (09:00etatik 11:00­etara) izanen dira.
Aipatu, bertzalde,  batzorde ireki honetan Lurralde Antolaketaren Estrategia eta Eredua izan dela aipatutako gaietako bat eta horri buruz irailaren 13an eginen den batzordean irekian ariko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun