Abuztu honetan ere Bertan Baztango merkatari, zerbitzu eta ostalaritza Elkartearen egun handia ospatu zen Elizondon. Jaime Urrutia karrikan elkarteko kideek salmenta postuak paratu zituzten eta egun osoan hainbat ekitaldi izan ziren: dantzari ttikiak, Les enfants taldea, argazki lehiaketaren erakusketa eta sariketa… Elizondoko herriak ere erraldoiak eta buruhandiak, txokolatada eta dantzaldia plazan antolatu zituen. Jende aunitz bildu zen eta giro ederra somatu zen. Aipatu, Bertan elkarteak hirugarren urtez antolatu duen argazki lehiaketara 30 lehiakide eta 86 argazki aurkeztu direla aurten eta Bertan Egunean ikusgai izan zirela. Epaimahaiak 400 euroko lehenbiziko saria Erratzuko Mitxel Etxenikeri eman zion, 200 euroko bigarren saria Elizondoko Juan Lameirinhasi eta 100 euroko hirugarren saria Elizondoko Edurne Biguriari. Lehiaketara aurkeztutako argazkiekin, elkarteak eskualdean doan banatzen duen 2012ko egutegia osatuko da.