Aurten lehendabiziko aldiz, zuzeneko esku pilota txapelketa jokatuko da Europako kluben artean. Modalitate hau hemen bote luzea izenarekin ezagutzen dena da, eta jokatzeko moduak laxoaren antza haundia du: jokoaren kontzeptua, kontatzeko modua, pilotalekua... berdinak dira. Aldatzen den gauza bakarra zera da: laxoan eskularrua erabiltzen dela eta pilotak desberdinak direla.
Lehendabiziko txapelketa honetan Europako 13 taldek parte hartuko dute: bi Belgikatik, bat Herbehereetatik, bi Italiatik, bat Frantziatik, bortz Valentziatik eta bi Euskal Herritik: Angeluko Hardoy taldea (Lapurdi) eta Baztan. Taldeak lau multzotan banatuak dira eta hala, beraien artean kaporaketak jokatuko dituzte. Horren ondotik, azken fasea irailaren 23tik 25era jokatuko dute Iruñean.
Baztan taldeak hirugarren multzoan jokatuko du, Alacanteko El Campello eta Angeluko Hardoy taldeekin batera. Eta lehia horretako kanporaketa faseari Elizondon emanen zaio hasiera larunbat honetan, hilak 3. 12:00etan Udalak harrera ofiziala eginen die klub eta pilotariei eta partidak 16:00etan hasiko dira. Guztira hiru partida jokatuko dira aurten 150 urte beteko dituen Elizoko plazan. Arratsean, pilotari guztiek elkarrekin afalduko dute, Udalak eta Elizondoko herriak eskainitako afarian.
Irailaren 10ean, berriz, itzulerako partida jokatuko da El Campellon eta han izanen dira Baztan, Hardoy eta etxeko taldea.