Xorroxin irratiak antolatutako behikaka.com zozketaren hirugarren edizioa ere arrakastatsua izan da eta Lore, Zagua eta Luzaide behiek aurten ere sari potoloak banatu dituzte.
Uztailaren 24an egin zen zozketa, eta hiru protagonistez gain, Agustin Arraztoa, Jokin Ramirez eta Juan Joxe Iñarrea behizainak, txaranga, bertsolariak, Joseba Otondo eta Julen Zelaieta Xorroxingo esatariak eta jende andana bildu zen zelai inguruan. Guztia kontrolatzen Oier Zulaika, Mikel Altzuart eta Mikel Azkarate aritu ziren, eta gainbegiratzen Juan Mari Aleman.
Sariak Elizondo, Zugarramurdi eta Etxalarrera
Lehendabiziko saria Agustin Arraztoa elizondarrarentzat izan zen. Bigarren saria momentuan banatu gabe gelditu zen eta hilabeteko epean ere ez zen jaberik agertu. Hala, ordezko zenbakiaren jabeak eraman du saria, Etxalarko Edurne Elizagoienek, hain zuzen. Eta hirugarrenak Zugarramurdirako bidea hartu zuen, Jose Jabier Zubillaga izan baitzen saritua.
Bertzalde, Donostiako akuariumerako sarrerak Erratzura joan ziren, bizikleta Arizkunera, Lur-lan eta Aroa produktu loteak Anizera eta ESAITeko materiala, berriz, Elizondon gelditu zen.
Xorroxin Irratia «kontent» gelditu da egindakoarekin, «eta gehienbat jendearengandik jasotako laguntza eta babesagatik».