Bi hilabetez gure artean egon ondotik, Saharatik uda pasatzera etorritako 18 neska-mutikoak etxerako bidea hartu zuten abuztu hondarrean. Uda ederra pasatzeko aukera izan dute, eta ekitaldi ofizialetan ere izan dira. Uztailaren 30ean, erraterako, Baztango Udalak harrera ofiziala egin zien ume sahararrei. Ekitaldian, Garbiñe Elizegi alkatesak eta Mikel Ortega zinegotziak parte hartu zuten Udalaren izenean, Mohamed Gailani RASD-ek (Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoaren Elkartea) Nafarroan duen ordezkaria ere Elizondon izan zen, ume saharrarekin eta horiek beren etxeetan hartzen dituzten Saharaztan elkarteko kideekin batera.