Sortu zenetik 14 urtera, zer erran franko ematen ari da Loizu hiltegia, eta bi hilabetez itxita ere egona da uda aitzinetik. Uztailean, ordea, berriz zabaldu zituen ateak eta aziendak hil eta puskatzeko zerbitzua eskaintzen segitzen du. Halere, kudeaketa ez da lehengo berdina. Esku pribatuetan dago aitzineko Udalak horretarako lehiaketa egin ondotik, Loizu hiltegia SL enpresaren esku, hain zuzen.
14 urteko ibilbidea
Udalak 1997an sortu zuen Loizu hiltegia Iruritan, hasi Bortzirietatik eta Xareta aldera bitarteko beharrak hornitzeko. 1993ko Europako hiltegien araudi berriak eskualdeko hiltegi ttikiak ixtera behartu zituen eta hutsune hori betetzeko egin zen Iruritakoa. Hasiera hartan, elkarte mugatuko kide batzuek hartu zuten gestioaren ardura, orduko Udalarekin bortz urterako kontratua sinatuz. Baina aurreikusi baino lehenago hautsi zen akordioa. Hiltegia ixteko arriskuaz jabeturik, aitzineko Udalak Baztandarra Kooperatibara jo zuen kudeaketaren ardura eskainiz. Honek eskaintza onartu eta horrela izan da 2001az geroztik, hamar urtez.
Enpresa pribatuaren esku
Badirudi, Baztandarra Kooperatibaren egoera ekonomikoa ez dela sobera ona, eta hiltegiak gastu haundia sortzen ziolako, kudeaketaren ardura bertan behera uztea erabaki zuen. Horren ondorioz egin zuen lehengo Udalak lehiaketarako deialdia. Hiru eskaintza aurkeztu ziren lehiaketara, eta Loizu hiltegia SL enpresari esleitu zitzaion hiltegiaren ardura. Lehendik hiltegian ibilitako langileak dira enpresako kideak.
Udal berria
Lehiaketa egin eta aipatu enpresari bortz urterako kontratua egin ondotik, hasi zen udal berria lanean. Mikel Ortega Bilduko zinegotziak aipatu digunez, sartu zirenean, «Loizu hiltegiarekin utzikeria ikaragarria» egin dela ikusi zuten, baita «lehengo Udalaren eta kooperatibaren artean desadostasuna dagoela ere».
Tarte horretan, hiltegia bi hilabetez itxita ere egona da, baina uztailean zabaldu zuten berriz. «Lehenbailehen hiltegia martxan paratzea izan da gure helburua eta lehengo Udalaren herentzia txar hori ahal bezala konpontzen saiatu gara», dio Mikelek. Bere irudiko, «eskualde mailan hiltegi indartsu bat izatea arras garrantzitsua da eta hori da gure helburua, eskualdera zabaltzea». Dena den, kudeaketa publikoaren aldekoak dira Bildun: «gure apustua etorkizunean kudeaketa publikora bideratzea da, baina nekazaritza eta abeltzaintzako eragileekin osatuko den batzordean eta herri mailan eztabaidatuz erabakiko da zer egin. Oraingoz hiltegia martxan paratu eta gauzak ongi jarri nahi ditugu, azpiegitura aldetik ere gabezia batzuk badirelakoz eta konpondu behar direlakoz».
Mikelen ustez, «gauzak ongi egiten badira, hiltegiak etorkizun ona izan dezake»