Ugaitz Garde gartzaindarra hirugarren izan da Nafarroako Triatloi Kros txapelketan

Ttipi-ttapa 2011ko irailaren 2a

Utzitako argazkia

Abuztuaren 15ean Nafarroako Triatloi Kros Txapelketa erabaki zen Ultzaman eta Ugaitz Garde gartzaindarra –argazkian eskuinean– bikain moldatu zen. Iñigo Aldaz eta Jorge Tirapuren gibeletik, hirugarren sailkatu zen Lagunak Saltoki taldean ari den gaztea. 500 metro egin behar izan zituzten igerian Leurtzako urtegietan, gero 15 kilometro mendiz Alkotz herriraino eta akitzeko hiru kilometro lasterka Larraintzarreraino. Lasterketan zazpigarren helmugaratu zen, baina Nafarroako txapelketa izaki, lehenbiziko hiru nafarrak sarituak izan ziren, eta tartean Garde bera, hirugarren onena izan zelako. Duela lau urte hasi zen triatloian gartzaindarra eta geroztik hainbat lehiatan ibilia da, lorpen aipagarriak lortuz: 2009an Euskal Herria Akitaniako ligaxkan hirugarren izan zen, 2010ean Challengue Calella Iron Man 1/2 proban hirugarren izan zen taldeka, urte berean Nafarroako selekzioarekin aritu zen Galizian, 2011n hirugarren nafarra izan da Nafarroako Triatloi Kros Txapelketan eta laugarrena Nafarroako zirkuituan. Orain, berriz, irailaren 10ean Donibane Lohizunen egitekoa den triatloirako ari da prestatzen. Distantzia luzeko triatloia izanen da, 2.500 metro igerian, 80 kilometro bizikletan eta lasterka 20 kilometro egin beharko baititu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun