Aitzineko agintaldian abiatutako Udal idazkariaren ordezkapen posturako oposizio-lehiaketa bertan behera gelditu zen Udal berria lanean hasi zenean. Horren arrazoia, lehiaketan, euskara eskakizun bezala ez agertzea izan zen –100 puntutik 2 puntu balio zituen euskara jakiteak–. Oihartzuna izan zuen horrek eta Euskararen Ordenantzari buruzko eztabaida ere eragin zuen. Hala etorri zen Hizkuntza Askatasunaren Aldeko Espainiako Elkartearen salaketa.
Udala «euskara inposatzeko» neurriak hartzen ari dela iritzita, Udala auzitara eraman nahi du Hizkuntza Askatasunaren Aldeko Espainiako Elkarteak. Horren harira, Nafarroako Arartekoari ere kexa bidali zion uztailaren 5ean, eta honek idatzia onartu eta Udalera bidali zuen idatziaren kopia, gaiari buruz erantzuna eskatuz. Uztailaren 29an sartu zen Arartekoaren abisua Udalean.
Espainiako Elkartetik jakinarazi dutenez, auzitara jotzeko asmoa dute «Baztango Euskararen Ordenantzak bizitza publikotik gaztelania baztertu egiten duelako».
Dirua biltzeko kanpaina ere abian paratu du Madrilgo elkarteak, auzitegietara joateak sortu ditzakeen gastuei aurre egiteko.
Udalaren erantzuna
Egoeraren aitzinean Udalak zer eginen duen jakiteko Garbiñe Elizegi alkatearengana jo du TTIPI-TTAPAk eta adierazi digunez, «Udalak idatziari erantzuna emanen dio bertze idatziei ematen dien bezala. Dudarik gabe, Euskararen Ordenantza eta euskara defendatuko ditugu eraso guztien gainetik, datozen tokitik datozela». Gaineratu digunez, «baztandarron hizkuntza eskubideak bermatuko ditugu, eta ez dugu onartuko euskaldunak bigarren mailako herritar gisa tratatzea, herritar orok baitu euskaraz ere artatua izateko eskubidea».
Elizegiren irudiko, «Espainiako eskuinak euskarari dion fobia agerian gelditu da berriz ere. Beraiek eraman duten errepresioa eta zentsura beraiei eginen zaienaren beldur dira, baina hori ez da inolaz ere gure asmoa». Horrekin batera, salatua dena «Bilduk alkatetza duen herria izatea ere ez da kasualitatea», dio alkateak, «horrelako elkarteak aukera politiko bat baitu bere erasoen helburu. Kontua da Bilduk alkatetza duen udaletxeetan egindako edozein aldaketa aitzakiatzat hartzea Bilduren aurka jo ahal izateko».
Aitzineko agintaldiko Udala izan zen Euskararen Ordenantza onartu zuena, baina Elizegik uste du «arazoa alkatetza Bilduk lortu duenean sortu dela, ez Euskararen Ordenantza onartu zenean. Izan ere, Ordenantza maiatzaren 17an sartu zen indarrean Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Bilduk alkatetza lortu baino lehen. Kexa ez da beranduxko heldu? Kasualitatea ote da berandutzea?».
«Baztan bezalako eskualde euskaldunean NaBairen Udal Gobernuak euskara eskakizuna izan gabe lehiaketa hori abiatzea ulertezina dela» ere iritzi dio alkateak. Eta Udal berriak «Udalean euskarak orain arte izan ez duen eta merezi duen esparrua izateko lan eginen duela» ziurtatu du.