Herritar guztien egunarekin akituko dituzte bestak Lekarozen

Ttipi-Ttapa 2011ko abuztuaren 26a

Herriko bazkaria larunbatean eginen dute, Agerralde akordeoilariak alaituta.

Ortziralean gazteen eguna izanen da

Astearte ilunabarrean hasi ziren Lekarozko San Bartolome bestak eta bortz egunez jai giroan ibili ondotik, larunbatean emanen diote amaiera ospakizunei. Ortzirala gazteen eguna izanen da eta larunbata herritar guztiena.

Astearte ilunabarrean hasi ziren Lekarozko San Bartolome bestak eta geroztik, jai giroan murgilduak egon dira. Bezperako ekitaldien ondotik, egun haundia asteazkenean izan zuten, San Bartolome Egunean. Ortzegunean haurrak izan ziren protagonistak, eta gelditzen diren bi egunak, gazteen eta herritarren egunak izanen dira.

Abuztuak 26, ortzirala: Gazteen Eguna

Gazteek hartuko dute bestaren lekukoa ortziralean. 10:00etan argisoinuak izanen dira eta 14:00 gazteek bazkaria eginen dute. Arratsaldean mus txapelketa eta gazteen arteko jokoak izanen dira. 19:00etatik 22:00etara dantzaldia izanen da eta ondotik, Mutildantzak eta gaita. Gauean, 23:30etik aitzinera, kontzertua eskainiko dute Ufestuek, Idroh, Goienetxe anaiek eta bertze talde sorpresa batek.

Abuztuak 27, larunbata: Herriko Eguna

Larunbatean akituko dituzte Lekarozen bestak. 10:00etan argisoinuak izanen dituzte eta 12:00etan futbol partida jokatuko dute gazteek eta zaharrek, elkarren kontra. 14:00etan herri bazkaria eginen dute Agerraldek alaituta. Ilunabarrean Garraxi taldearekin dantzaldia izanen da, baita 01:00etatik aitzinera ere, baina tartean, noski, Mutildantzak eta gaitari tokia eginez. Gaixoa ni kantatuz akituko dira San Bartolomeak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun