Astearte ilunabarrean hasi ziren Lekarozko San Bartolome bestak. Ezkil jotzea eta Baztan Zopen ondotik, dantzaldia izan zuten Modesto akordeoilariarekin eta asteazkena, egun haundia izan zuten, San Bartolome Eguna. Meza Nagusiaren ondotik, eguerdian herriko dantzariek saioa eskaini zuten eta arratsaldean, Andoni Egaña, Xabier Silveira, Ion Barberena eta Jon Maiarekin bertso saioa izan zen. Joxe Anjel akordeoilaria arduratu zen ilunabarrean eta gauean giroa alaitzeaz.
Abuztuak 25 ,ortzeguna: Haurren Eguna
Ortzegunean haurrak izanen dira protagonistak. 10:00etan argisoinuak izanen dira, eta 12:00etan haurren arteko jokoak eginen dira. 14:00etan, berriz, haurren bazkaria izanen da eta 16:30ean puzgarriak izanen dituzte. Ilunabarrean eta gauean Modesto akordeoilariarekin dantzaldia izanen da, eta tartean, 22:00etan Mutildantzak eta gaita.
Abuztuak 26, ortzirala: Gazteen Eguna
Haurren ondotik, gazteek hartuko dute bestaren lekukoa ortziralean. 10:00etan argisoinuak izanen dira eta 14:00 gazteek bazkaria eginen dute. Arratsaldean mus txapelketa eta gazteen arteko jokoak izanen dira. 19:00etatik 22:00etara dantzaldia izanen da eta ondotik, Mutildantzak eta gaita. Gauean, 23:30etik aitzinera, kontzertua eskainiko dute Ufestuek, Idroh, Goienetxe anaiek eta bertze talde sorpresa batek.
Abuztuak 27, larunbata: Herriko Eguna
Larunbatean akituko dituzte Lekarozen bestak. 10:00etan argisoinuak izanen dituzte eta 12:00etan futbol partida jokatuko dute gazteek eta zaharrek, elkarren kontra. 14:00etan herri bazkaria eginen dute Agerraldek alaituta. Ilunabarrean Garraxi taldearekin dantzaldia izanen da, baita 01:00etatik aitzinera ere, baina tartean, noski, Mutildantzak eta gaitari tokia eginez. Gaixoa ni kantatuz akituko dira San Bartolomeak.