Herriz Herri txapelketako bigarren jardunaldia jokatu zen uztailaren 30ean Elizondon

Ttipi-Ttapa 2011ko abuztuaren 3a

Berako herri kirol taldea lan bikaina egiten ari da aurtengo herriz herri txapelketan. Artxiboko argazkia

Lehenbiziko konbinatuan Ultzama eta bigarrenean Bera nagusitu zen

Nafarroako Herri Kirol Federazioak antolatzen duen Herriz Herri txapelketaren bigarren jardunaldia jokatu zen uztailaren 30ean Elizondon. Aurtengoan hiru talde ari dira txapelketan, Berriozar, Ultzama eta Bera, bi proba konbinatuetan lehiatzen.

Berako lehenbiziko jardunaldiko emaitza beretsuak errepikatu ziren. Lehenengo proba konbinatuan (koxkor biltzea, zaku lasterketa, korrika eta arpana) Ultzama izan zen onena, 18 minutu, 37 segundu eta 90 zentesimako denborarekin eta honenbertzez 3 puntu eskuratu zituen. Berak 4 segundu eskas gehiago behar izan zituen (18 minutu, 41 segundu eta 31 zentesima) eta 2 puntu lortu zituen eta Berriozarrek , (19 minutu, 24 segundu eta 86 zentesima), puntu bakarra. Beran 23 segundu atera zizkion Ultzamak herriko taldeari, beraz lehia estuagoa izan zuten Elizondon.

Bigarren proba konbinatuen edo Hiru Kirol proban (lasto botatzea, txinga-eramatea eta ingude altxatzea) Bera izan zen onena eta 3 puntu eskuratu zituen. Gainera, hiru probetan nagusitu ziren Berako kirolariak. Ultzamak 2 puntu eskuratu zituen eta Berriozarrek puntu bakarra.

Herriz herri txapelketa hirugarren eta hondar jardunaldiaren zain gelditzen da orain, baina Herri Kirol Federazioak ez du zehaztu oraindik noiz eta non jokatuko den.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun