N-121-A errepidean, Belateko tunelean egiten ari diren lanak luze joanen dira, iraileraino Nafarroako Gobernutik adierazi dutenez. Hori dela eta, Almandozko Mendiola auzoko bizilagunak, 30 lagun inguru, kasik inkomunikaturik gelditu ziren, tunelaren ondoko lotune bat erabiltzen baitzuten auzoan sartzeko edo auzotik ateratzeko. Joan den ortzegunean, uztailaren 21ean Almandozera hurbildu zen Anai Astiz, Nafarroako Gobernuko Herrilan, Garraio eta Komunikabideetako kontseilaria eta Luis Roldan Almandozko alkatearekin eta bertze bizilagun batzuekin solastu zuen, irtenbideak aztertzeko. Honela, soil-soilik Almandozko Mendiola auzoko bizilagunek erabili ahal izanen duten pasabidea egokitu da eta asteburutik aitzinera erabiltzen ari dira dagoeneko.
Horretaz gain, Anai Astizek Irurita-Elizondo saihesbideko lanak ere bisitatu zituen, Elizondoko Baztanberri auzoko lotuneak dituen arazoak ezagutzeko.