Elizondoko Santio eguneko Mutildantzak eztabaida piztu du eta piztuko du aitzinera begira ere. Azkeneko urteetan bezala, emakumeek dantzatu nahi izan zuten historikoki gizasemeek egin duten dantza, tartean Garbiñe Elizegi Baztango alkateak.
Aitzinetik, Elizondoko txistulariek uko egina zioten jotzeari eta Arizkungoak aritu ziren txistu eta danbolinarekin. Behin dantza hasita, eta Agurraren ondotik, bertze mutil batzuk ere dantza utzi zuten, ikusle batzuen txalo artean. Honela, hamalau lagun bakarrik aritu ziren dantzan euripean, hamar mutil eta lau emakume. Denen buru, Xabier Torres Elizondoko alkatea joan zen eta bere ondotik, Garbiñe Elizegi. Hauek ere txaloak jaso zituzten, lehen Mutildantza akitu zenean. Horrek erakusten du, gai honek oraindik eztabaida pizten duela elizondarren artean.
Gauez, Kuartelekozelaian bertze Mutildantza bat egin zuten, gizasemeek bakarrik eta 30 bat lagunek parte hartu zuten.
Bertze gainerakoan, Santio egun osoa euripean egin zuten elizondarrek eta horrek hainbat ekitaldi zapuztu zituen. Zaindariaren aldeko meza ederra izan zen, Elizondoko abesbatzaren eta musika bandaren partehartzearekin, baina ondoko prozesioan ezin izan zuten ez dantzariek, ez bandak ezta erraldoi eta buruhandiek ere parte hartu. Izan ere, erraldoi eta buruhandiak ez dira oraindik besta guzietan ateri.
Pilota partidak astearte arratsaldean
Uztailaren 26an, astearte arratsaldeko 17:30ean pilota partidak izanen dira udal pilotalekuan. Partida nagusian, Mikel Goñi eta Eulate, Patxi Eugi eta Goñi III.aren kontra ariko dira.