Uztailaren 8ean kamioi batek su hartu zuen Belateko tunelaren irteeran Iruñerako norabidean. Eragindako kalteak handiak izan ziren eta Nafarroako Gobernutik jakinarazi dutenez, aste batzuetako lana ekarriko du konponketak egiteak. Data jakin bat zehaztu ez duten arren, denboraldi batez itxita egonen dela aurreikusi dute.
Kamioia 17:00ak aldera hondatu eta su hartu zuen, tuneletik ateratzeko 300 metro falta zituenean. Kamioi gidaria ospitalera eraman behar izan zuten kea arnasteagatik. Irteeratik hurbil egoteak azkartu egin zuen gidariaren artatzea baita larrialdietako plana martxan jartzea ere. Biharamonean teknikoak etorri ziren Belatera eta kalteak aztertu zituzten. Dirudienez suak asfaltozko tela, kontrolerako instalazioak, larrialdietarako telefonoak eta errepidea kaltetu ditu gehienbat.
Tuneleko konponketak egiten diren denboran, Iruñera joateko Belateko bide zaharretik edo A-15 errepidetik joan beharko da. Hasieran, ibilgailu astunek debekatua izan zuten N-121-A errepidea erabiltzea, baina abudo debekua kendu zuen Nafarroako Gobernuak. Aspaldiko partez, Belate mendateko bihurguneak eta behelainoak sufritu beharko dituzte gidariek.