Eguraldi tristea izan arren Baztango karriketan alaitasuna zen nagusi eta euriak ez zuen Elizondoko giro bikaina hondatzerik lortu. Urtero bezala Elizondon elkartu baitziren Baztandarren Biltzarra ospatzeko. 48. urteurrena ospatu zuen atzo, uztailak 17, Baztandarren Biltzarrak. Goizetik artisau azoka izan zen eta ondotik etorri zen eguneko ekitaldi nagusia, orgen desfilea.
Baztan ikastola izan zen omendua 40. urteurrena ospatzen duela eta. Eurek zabaldu zuten orgen desfilea. Aurtengorako 21 orga prestatu zituzten 15 herriek, horietatik sei elizondokoak izan ziren. Aurtengo irabazlea Elizondoko Beti Zurrutak taldea izan zen “Santanderreko zurginak Baztanen” izenburupeko orgarekin. Bertan Santanderretik Baztanera etorritako zurginen bizimodua azaldu zuten. Bigarren Elbeteko orga geratu zen, kafea garestiegia zen garaian ezkurrekin egindako infusioa egiten zutela antzeztuz. Elizondoko Aise taldea izan zen hirugarren, azken urteetan landetxeen negozioak eskualdean hartu zuten garrantzia aipatuz.
Amaiurtarrek ‘Nafarroako konkista prestatzen’ izenburupean egin zuten ibilbidea. Konkistaren 500. urteurrenerako urtebete falta denean, Gaztelako erregearen asmoa adierazi nahi izan zuten.
Almandozko orgak eguna lanean pasa ondotik sukalde giroa islatu nahi izan zuten. Aniztarrek San Miguelen etorrera irudikatu zuten eta bertze prozesioa irudikatu zuten Zigakoek ere, kasu honetan Besta Berrikoa, herriko neskak aingeruz jantzirik Jesusen Bihotzari lore eskaintza eginez.
Sastrako ur kanala hartu zuten hizpide Berroetarrek, ur kanala 1911n hasi ziren egiten Maringo zentral hidroelektrikoan argia egiteko.
‘Señorita Maritxu’ irakaslea izan zen Erratzuko orgako protagonista. Frankismoan Erratzuko mutikoek ‘Cara al Sol’ abesten zuten bitartean, neskek Euskal kantuak izaten zituzten ikasgai Maritxu Viscarreta irakaslearekin.
Iaz irabazle suertatu zirenek, oronoztarrek, ezkontzetako dotea izan zuten beraien orgaren gaia. Aurten, Barbenea etxaldeko alabaren eta herriko familia xume bateko semearen arteko maitasun istorioa kontatu zuten. Mutilak ezkonsaria ordaintzeko behar beste ondasun ez zuenez, neska Ameriketatik etorri berri den gizon batekin ezkonaraziko du bere familiak.
Inauterietako puxka biltzea izan zuten aipagai Arizkungo bizilagunek eta arraioztarrek lehengo taloaren beharra orain luxua zela erran zuten. Azpilikuetan Idezelaiko merendua gogoratuarazi nahi izan zuten eta lekaroztarrek konbetuko fraileek zuten gruta baten beharraz egin zuten euren orga.
Iruritarrek bi orga prestatu zituzten, herriko zentral elektrikoa gaitzat hartuta. 1952an egin zuten zentrala eta bere inaugurazioa antzeztu zuten garaiko Nafarroako agintari eta guzi. Bigarren orgak zentrala lanean hasi ondotik baserrietara argia nola iritsi zen erakutsi zuen.
Gartzaindarrak aiton amonen garaietako bizimodua berreskuratu beharraz aritu ziren. Lapatinek Beartzungo kuartela izan zute gai, Falfarak Ainhoako Arantzazuko amaren kaperan mugaz bi aldetakoen ahaideen topaketa. Sagatsak taldeak orakunde eguna eta Herri ekimenak ‘Dispertsioak hiltzen du’ izenburuko orga egin zuen.
Orgen desfilearen ondotik bazkaria egin zuten, 1500 lagun elkartu ziren bazkarirako. Arratsaldean sari banaketa eta omenaldien ondoren Trikidantz eta Laiotz taldeen eskutik izan zen dantzaldia.