Uztailaren 17an, igandea, ospatuko da Baztandarren Biltzarra Elizondon “Eskuarak batzen gaitu” lelopean. Egun osoko jaia izanen da aurtengoa, ez dute larunbaterako ekitaldirik antolatu bertze urte batzuetan egin den bezala. Herri guztietako orgak prest daude urteroko desfilea egiteko.
Goizeko 10:00etatik aitzinera artisauen erakusketa egonen da Arizkuneneko gibeleko aldean. 11:30ean herri bakoitzak prestatutako orga apainduen desfilea izanen da. Aurten udaletxean bukatuko da eta ez Merkatu plazan iaz egin zen bezala. Desfilea irekitzen eta herrietako banderak eramatearen arduraduna Baztan ikastola izanen da, aurten ospatzen baitira 40 urte sortu zenetik. Lan hori izateaz gain orga sinbolikoa ere eginen dute.
14:00etan mutildantzak izanen dira Elizondoko herriko plazan. Ondotik herri bazkaria izanen da Merkatuko zelaian. Eguraldi txarra eginez gero frontoian izanen litzateke. Bazkaritarako txartel gehienak salgai jarri ziren lehen egunean akitu ziren.
Bazkal ondoren ere izanen da zertaz gozatu, 2011ko komunikatua irakurriko dute lehenik eta ondoren Baztan Ikastola omenduko dute. Aurtengo kartel lehiaketako irabazleari, Alfredo Leoni, saria emanen zaio. Orgen sari ematea ere eginen dute urtero bezala eta ez dira faltako mutildantzak, Baztango gaita, muxikoak eta larraindatza ere. Trikidantz taldeak kontzertua eskainiko du eta 20:00etan dantzaldia hasiko da Laiotz taldearekin laxoako frontoian.