Irurita eta Elizondo lotuko dituen saihesbidean aitzinetik aurreikusiak ez zeuden erabakiak hartu ditu Nafarroako Gobernuko Herrilan Departamentuak. Hala, Oharriz aldean lur eremu batzuk denboraldi baterako okupatzea erabaki du eskabazio lanetatik ateratzen diren materialak uzteko.
Hasiera batean, mugitutako material hori lubeten oinarri gisa erabiliz aprobetxatuko zela pentsatu zen, baina badirudi ez dela erabilgarria. Horren harira, pentsatu du Nafarroako Gobernuak lurrak bereganatzea. 0,36 hektareako eremua da hartu duena, baina aipatu, Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak lehendik bereganatutakoarekin guztira bi hektarea direla.
5,8 kilometro
Irurita eta Elizondoren iparraldetik barna egitekoa da bide berria, eta 5.800 metro izanen ditu. Arraiozko saihesbidearen akaberan hasiko da, hor eraikiko den biribilgunearekin. Segidan, Iruritako erreka gurutzatu eta NA-4405 errepidea gainetik zeharkatuko du.
2009 hondarrean esleitu zitzaion obra hau aldi baterako enpresa multzo bati, Obenasa eta Harinsa Navasfalt SA-k osatutakoari, hain zuzen. 11,1 milioi euro ingurutan eman zitzaien eta obrak akitzeko 18 hilabeteko epearekin.
Bilera ELIZONDON
Irurita eta Elizondo artean eraikitzen ari diren saihesbideak badirudi jakinmina eragin duela Elizondoko Baztan Berriko bizilagunen artean. Hala, Baztan Berri auzoan izanen dituen eraginen inguruan kezkak biltzeko bilera egitekoa zuen aste honetan Elizondoko herriak.