Baztango Euskalgintzak bat egin du Udalak idazkari postuaren inguruan hartutako erabakiarekin

TTIPI-TTAPA 2011ko uztailaren 7a

Udalak ekainaren 21ean utzi zuen bertan behera deialdia, euskara jakitea ez zelako eskakizun bezala jasotzen

 

 

Baztango Euskalgin­tzak ohar publikoa kaleratu du idazkari lanposturako euskara eskazkizunaren inguruan. Udalak, ekainaren 21ean, ezohiko bilkuran erabaki zuen aurreko Udalak gehiengo osoz egindako behin behineko idaz­kari lanposturako deialdia bertan behera uztea, euskara jakitea ez zelako eskakizun bezala jasotzen. Baztango Euskalgintzak erabaki ho­rren inguruan egin diren adierazpenak «ezegokiak eta interpretazio oke­rrekoak» direla erran du eta horiek argitzea dela bere xedea.

Baztango Euskalgin­tzak bat egiten du Udalak hartu duen erabakiarekin, bere irudiko «ulergaitza baita lehengo udalaren erabakia». Horrez gain, adierazi du Baztango Euskararen Ordenan­tzak 18/1986-ko Foru Legean oinarrituta daudela eta Udaleko lanpostuetarako euskara ezagutzea beharrezkoa dela. «Kontuan hartu behar da, Baztango biztanleriaren %80tik goiti euskalduna dela eta gurasoen artean ia %100ak seme-alabak euskarazko ereduetan matrikulatzen dituela».

Udal bateko idazkariak berebiziko garran­tzia duela azpimarratu nahi izan dute eta hala, «hanka sartze ikaraga­rria» izanen litzatekeela euskara behar bezala menperatzen ez duen pertsona bat hautatzea. Oha­rra akitzeko Eus­kal­gin­tzak baztandar guz­tiak euskararen alde lan egitera animatu nahi ditu «erabilerak bermatuko duelako euskararen normalizazioa».

Bilduren harridura

Ekainaren 11ko in­bes­tidura saioan Na­Baik­ boto xuria eman zuen alkatea aukeratze­rakoan. Horren harira, Na­Baik­ erran zuen «za­lan­tza handiak» dituela Bilduk aurkeztutako gobernu proposamenaren bideragarritasunaz. Udal taldea osatzeko Bildurengandik jasotako lehen eskaintza «osatu gabea» zela adierazi zuen NaBaik, eta hurrengo lau urtetarako proiektuen inguruko konkrezioak­ eskatu ziz­kiola. Zen­tzu horretan, «gobernu pro­gramaren edukien gaineko zehaztasun falta» ageri zela gaineratu zuen.

NaBaik Baztanen alde lan egin nahi duela gaineratu zuen eta ez gobernu posizioak eskuratu bertzerik gabe, bere planteamenduekin bat datozen proiektuak babesteko prest azalduz. «Zalantza» horiek tarteko, «seriotasun eta kohe­rentzia politikoz, Udal osaketa bozkatzean boto zuria ematea erabaki genuen».

Bilduk bertze ohar batekin erantzun dio NaBairi, edukiak eta tonuak aunitz harritu dituela argituz: «ordura arte izandako bilkuretan gure programarengandik hurbil zegoela adierazi baitzuen».

Baztango bizilagunek Bilduren programa ongi ezagutzen dutela adierazi dute Bildutik «arloka­ko proposamenez gain,­­ herritarren parte hartzea bereziki azpimarratu dugulako». Bil­dutik jakinarazi dute NaBaiko zinegotziari ba­tzor­de pare bat bere gain hartzeko proposamena egin ziotela eta eskaintza ardurak elkarbanatzeko izan dela eta ez botere banaketa hu­tsa.

Udaletxerat sartu direla aurkitu duten egoera ere ez dela erraza azaldu du Bilduk: «udal idaz­karirik gabe, egoera ekonomiko koropilatsua, hiltegia hertsia…». Hala, kar­gua hartu berritan kues­tinamendurik ez egiteko eskatu dio NaBairi.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun