2011ri begira, kirol jarduerak antolatzeko dirulaguntza eskatzeko deialdia egin du Udalak, errendimendukoak edo espartzimendukoak diren kirol jarduerei zuzendua, hain zuzen. Ekainaren 22an zabaldu zen eskaerak egiteko epea eta uztailaren 15era arte izanen da horretarako aukera. Eskaerak udal kirol bulegoan aurkeztu beharko dira: Arizkunenea Kultur Etxea, 31700 Elizondo edo cultura@ baztan.es.
Espartzimenduko kirol jarduerak
Espartzimenduko kirol programak garatu eta jarduerak egiten dituztenak eta irabazi asmorik gabeko kirola sustatzen dutenak izanen dira dirulaguntza deialdi honetan onuradunak. Baztango kirol elkarte edo kluba izan beharko du, eta parte hartze irekia duten kirolean ari dena. Horrez gain, bertzeak bertze, Kirol Federazioek antolatzen dituzten jardueretatik kanpo egotea ere ezinbertzekoa izanen da.
Errendimenduko kirol jarduerak
Federazioek antolatzen dituzten jardueren barne ari direnek eskatu ahal izanen dute dirulaguntza mota hau, beti ere, Baztango kirol elkartea edo kluba baldin badira. Bi kasuetan, jarduera guztien publizitatean Baztango Udala agertu beharko da. Eta dirulaguntza eskatzerakoan, ondorengo dokumentazioa aurkeztu beharko da: fitxa betea, informazioa (prentsa, kartelak, publizitatea, partidetako aktak, lizentziak eskuratzeko inprimakiak, egutegiak, emaitzak...), ebaluazioa, gastuen justifikazioa eta datu ekonomikoen inprimakia betea. Kontuan hartuko diren gastuak hauek izanen dira: txapelketetara joan-etorriak, antolaketa lanak, materiala, instalazioak eta kirol teknikarien lan-ordainketak.